Zelan bizi dute Martxoaren 8a hiru belaunalditako emakumeok?

Anboto 2012ko mar. 5a, 10:10

Hiru belaunaldiren ordezkari legez hartu ditugu 72 urteko Mari Carmen Abasolo, 1964an jaiotako Goiuri Sarobe eta 1989an jaiotako Geaxi Gomez biloba eta alaba iurretarrak. Martxoak 8a eta emakumeen askapena zelan bizi zuten eta duten galdetu diegu amama, ama eta bilobari

Hiru belaunaldiren ordezkari legez hartu ditugu 72 urteko Mari Carmen Abasolo,  1964an jaiotako Goiuri Sarobe eta 1989an jaiotako Geaxi Gomez biloba eta alaba iurretarrak. Martxoak 8a eta emakumeen askapena zelan bizi zuten eta duten galdetu diegu amama, ama eta bilobari.

 

Badaukazue ohiturarik Martxoaren 8an antolatzen diren ekimenetan parte hartzeko?

 

Mari Carmen: Lehenago ez nuen parte hartzen, gazte-gaztetatik alarguna naizelako eta hiru ume txiki aurrera ateratzeko behar egin behar izan dudalako. Baina orain hamar urtetik hona, hartzen dut parte gehiago, eta asko parte hartzen ez dudan arren Iurretako Anderebide elkarteko kide ere banaiz.

Goiuri: Gaztetatik bizi izan dugu mugimendu feminista. Gu gazte ginela, nerabe ginela hasi zen hartu-eman sexualez, abortuaz, etab. gehiago berba egiten, eta berdintasuna txikitatik landu dugu ikastolan. Gu baino nagusiagoak ziren Maritere, Purita, Amaia, Bittori eta beste hainbat andrek lan asko egin zuten alor honetan, eta gazte ginela hasi ginen batzarretara eta manifestazioetara-eta joaten.

Geaxi: Ezin dut askorik kontatu, ze uste dut gauza asko eginda etorri zaizkigula nire belaunaldikooi: borroka egina zeukaten. Lortu gura izan dena badaukagu ia, eta orain arte ez dugu kalera atera eta aldarrikapenak egiteko beharrik sentitu. Uste dut asko aldatu dela pentsakera: askoz liberalagoak gara denok, eta mutilak ere kontzientziatuago daude.

\"\"

 

Zer uste duzue dagoela berdintasunaren arloan egiteko?

Geaxi: Badaude gauza asko egiteko daudenak, emakumeak orain ere menpean gaude zentzu batean. Gizartean goian daudenak gizonak dira oraindino ere: emakumeari asko kostatzen zaio gizarteko botereguneetara ailegatzea. Emakumeak, ikasi eta lan egin, gizonak legez etxetik kanpo egiten du gaur egun, baina botere lekuetan emakume horiek non dauden da galdera. Gaur egungo emakumeak hor egotea gura du, eta argi dauzka bere lehentasunak. Gizartea hain indibidualista izanik, emakumeak ere konturatu gara hor egon behar dugula.

 

Zer aldarri egiten zenituzte orain urte batzuk martxoaren 8an?

Goiuri: Sexualiteateari zein beste alor askori dagokienez askatasuna aldarrikatzen genuen, batez ere: elizak isilarazitakoa azaleratu eta gizarteko arauak ezbaian jartzea gura genuen.

Mari Carmen: Guk bestelako heziketa eduki genuen; ama oso ona, baina oso elizarakoa geneukan. Nire seme-alaben belaunaldiagaz etorritako aldaketa itzela izan zen berdintasun aldarrikapenari dagokionez: aldaketa handiena sasoi hartan bizi izan genuen.

 

Zer motako lanbideetan ibili zarete edo zabiltzate?

Mari Carmen: Iurretan okindegia zabaldu nuen duela 37 urte, eta Gorabiden sukaldari jardun nuen beste hainbat urtean. 66 urtegaz jubilatu egin naiz, zorionez.

Goiuri: Oso gaztetan hasi nintzen lanean, ikasi eta lan egin egiten nuen aldi berean hasieran, jatetxeetan zerbitzari moduan.   

Geaxi: Integrazio soziala ikasten dihardut nik.

 

Berdintasunaren arloan zerk arduratzen zaituzte? Bide onean goaz?

Mari Carmen: Nork jakin bide onean goazen!

Goiuri: Nik uste dut gizonezkoa edo emakumezkoa barik, pertsona begiratzen ikasi behar dugula: norberaren askatasuna bilatu behar genuke, berdintasunaren kontrako joera inkontzienteak apurtzen ahaleginduz.
Hurrengo belaunaldiei zer trasmititu behar zeniekete?

Geaxi: Emakume eta gizonezkoen roletan, aurreko belaunaldien banaketa horregaz hazi naizela uste dut. Nire belunaldikook, baina, gure seme-alabak heztean horrekin apurtzen jakingo dugula pentsatzen dut. Heziketan dago oinarria, eta uste dut kapaz izango garela berdintasunaren balioa trasmititzeko: bai gizon eta emakumeen artean, bai sexualitate aniztasunari dagokionean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!