Orozketarrak kezkatuta argindar linea indartzeko lanengatik

Anboto 2012ko mar. 1a, 12:09

\'Nahitaezko desjabetzea\' abiatu dela eta ezer ez dakitela salatu dute auzokoek, atzo, osoko bilkuran

“Nahitaezko desjabetzea” abiatu dela eta ezer ez dakitela salatu dute auzokoek, atzo, osoko bilkuran.

 

Arduratuta daude Orozketan argindar linea indartuko dela-eta. Asteon bertan ikusi dute argitaratuta “nahitaezko desjabetze” prozesua abiatu dela, eta horrek zelan eragingo dien argitzeko eskatu diete udal agintariei. Ingurumenean ez eze, uhin elektromagnetikoek bizi kalitatean eta osasunean izan dezaketen eragina nabarmendu dute. “Umeen leuzemia arriskua handitu ei daiteke”.

 

Udalbatzarrari egutegi bat eskatu diote aurrea hartzeko pausoak emateko: “Hilabete dugu, eta albait arinen hasi behar dugu. Aldaketak edo alegazioak egiteko denboraz ibili gura dugu, epeen eraginez ez dadin gertatu ezinbestean lanak aurrera joatea”. Udalari gaiaz jarduteko gune bat sortzea eskatu diote,  Tokiko Agenda 21ean, Alborg Gutunean edo landa inguruen defentsan hartutako konpromisoak gogoratuz.

 

Elkartzeko konpromisoa

Eurokin batzeko prest dagoela azaldu die Iñaki Totorikaguena alkateak: “Beti egin dugu Iurreta eta bertako auzoen interesen alde, eta gai hau ere aztertu egin behar dugu, eman daitezkeen pausoekin batera. Asteon jakin dugu guk ere”. Gueñes-Ezkio goi tentsioko argindar linearen aurrean, Iurreta “kalteez berbetan lehenengoa” izan zela esan du alkateak, eta Bakixan merkantzia garraiorako zentroa egiteko egitasmoari aurre egin ziola Udalak. Auzokoekin hartu-emanetan jartzeko konpromisoa hartu du alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!