Euskaraz bizi gura duenari horretarako aukera eskaini guran dator EBPN

Anboto 2012ko urt. 10a, 08:40

Urtea amaitu aurretik onartu zuen, ahobatez, Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN). Euskaraz bizi gura duen herritarrei horretarako aukerak eskaintzeko behar diren neurriak erabaki eta bultzatzea dauka helburu horrek, besteak beste

Urtea amaitu aurretik onartu zuen, ahobatez, Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN). Euskaraz bizi gura duen herritarrei horretarako aukerak eskaintzeko behar diren neurriak erabaki eta bultzatzea dauka helburu horrek, besteak beste

 

Dagoeneko martxan dauden 92 ekintza zehatz batzen ditu horren baitan onartutako kudeaketa planak eta horrek aurrera eroateko diru-atala lotu gura dute 2012rako udal aurrekontuan. Euskara Biziberritzeko Plan Estrategikoa eta Erabilera Plana onartu ditu udalbatzak. Hainbat lan ildo zehaztu dituzte Kudeaketa Plan horretan. Besteak beste, familia transmisioa, irakaskuntza, lan mundua, aisia, kirola, teknologia berriak. Baita administrazioa ere, horri "tratamendu berezia emanez". Horrela azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak. EBPN zehazteko 13.000 euro erabili ditu Udalak orain arte.

 

Euskaraz bizi gura duten herritarrei horretarako aukerak eskaintzeko behar diren neurriak erabakitzea eta bultzatzea da EBPNaren helburu nagusia, aurretik azaldu moduan. Horrez gainera, "euskararen aldeko sustapena gidatzeko eta euskalgintzan diharduten elkarteak eta erakundeekiko elkarlana bideratzeko erreferentzia izan nahi du", Totorikaguenak gogoratu duen moduan. Euskararen erabileran eragin gura du Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak, "bai erakundeetan bai herrian". Agiri "irekia" eta "etengabe egokitzeko" sortu dau EBPN, "herrigintzan eta gizartegintzan diharduten sektore eta taldeen ekarpenez aberastuko direnak".

 

Parte hartzea "ezinbestekoa" izan da, alkatearen berbetan, EBPN eta erabilera plana egiterako orduan. Erakunde mailan langile talde bat sortu zen hainbat sailetakoak eta herritarren ekarpena eta proposamenak jasoz batzarrak egin dira herri mailan era bai. EAJ-PNV, Bildu, PSE-EE eta PPren onespena jaso du EBPNak. 

 

Elhuyar Aholkularitzaren laguntza izan du Udalak EBPN eta Erabilera Plana diseinatzerako orduan. Baita Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendari den Patxi Martinez de Marigortarena ere bai. Guztioi eskerrak eman gura izan dizkie Udalak, baita udaletxeko langileei ere, Erabilera Planari egindako ekarpenengatik. EBPN garatzeko prozesuan parte hartu duten herritarren parte hartzea ere aipatu ditu Udalak, "euren ekarpenak, iradokizunak, proposamenak dira-eta Iurretako EBPN osatzen lagundu dutenak eta etorkizunari begira oinarriak jarro dituztenak".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!