Herriko kaleak garbitzeko zerbitzu orokorrak eta herri saneamendurako lanak eman dizkio Udalak Inbisa Medioambiente enpresari. Horiekin lotutako antzeko bestelako lanen ardura ere hartuko du, eta horretarako 165.000 euroko aurrekontua izango dute.
Horrela erabaki dute azken udalbatzarrean. Zortzi urteko epealdirako kontratua da emandakoa eta zerbitzua betetzeko honako material mugikorra izan beharko du enpresak, udal arduradunek jakin eragin dutenez: makina ekortzaile mekanikoa, eskuzko ekortzea, urez garbitzeko eta ureztatzeko mutur orientagarriak izango dituen kamioia, eta, xurgatzeko sistema eta hondakin gordetzeko kutxa hermetikoa izango dituen kamioia. Horrez gainera, burutu beharreko jardueren ezaugarrietara egokitutako ibilgailu arinak ere eduki beharko dituzte.
Zerbitzua urteko egun guztietan (zapatuak, domekak eta jai egunak barne) emango da, eta esleipendun enpresak hiru langile izango ditu Iurretan garbiketa zerbitzua emateko. Horrela zehazten du baldintza orriak. Egin beharreko lanen artean herriko bide publikoaren sare osoaren garbiketa dago, hau da: espaloiak, galtzadak, pasabideak, oinezkoentzako pasealekuak, plazak, lorategidun berdeguneak etab. Bestalde, herriko zaindariaren jaiegunetan eta auzoetako jaiegunetan garbiketa indartuko da.
Udal arduradunek nabarmendu dutenez, herriko kale, enparantza eta industriguneetan "egoera maila ona mantentzeko" beharrezkoak dira Inbisa enpresari emandako zerbitzuok. Udalak "etengabe ikuskatu eta zainduko" ditu zerbitzuok.