Herriko udaltzainek eman dute gertakariaren berri. Gauez sartu dira udaletxean, eta ez dute beste baliozko ezer eraman; aurten mendea bete duen bandera bakarrik.
Zurrumurrua zabaldu da herrian, eta udaletxeko iturriek baieztatu dute: Iurretako bandera zaharrena ostu dute gaur gauean ezezagunek. Duen balio historikoa kontuan izanda, lapurreta larria dela adierazi dute udal ordezkariek: "Salatu dugu lapurreta Ertzaintzan, eta dituzten baliabide guztiak horretara bideratuko dituztela hitz eman digute", diote. Ertzainek ez dakite momentuz nortzuk izan diren lapurrak, baina herriko postariak pertsona susmagarriak ikusi ei ditu udaletxe inguruan.
Banderaren mendeurrena omentzeko 1911-2011 Herri-Batzordeko kideak atsekabetuta agertu dira: "Ulergaitza da gertatu dena. Iurretarren sentimenduari eraso egin diote", esan dute. Baina, prestatu dute erantzuna batzordekideek: "Agertzen ez bada, datorren urterako bandera berria egin eta lehenengo urteurrena ospatuko dugu", adierazi dute. Horretarako, bandera berria egiteko, udalaren aurrekontuetan diru-atal bat gordetzeko eskatzea hausnartzen dabiltza.
Herrian haserre dabil jendea. Batek baino gehiagok dio Iurretak eta Durangok historikoki izan duten hartu-eman gatazkatsuaren ondorio dela lapurreta. Dena dela, udal ordezkariek diote tentuz jokatu behar dela eta ez dagoela inor froga barik epaitzerik. Hurrengo udalbatzarrean aztertuko dute gaia, jakitera eman dutenez.