Iurretako liburutegian \'boligraforik ere ez\' zegoen duela hamar urte, ateak zabaldu zituztenean. Ziortza Onaindiak hutsetik hasi behar izan zuen biblioteka osotzen. Gaur, 19:00etan, liburutegiak 10 urte egin dituela ospatzeko eta jendeari eskerrak emateko ekitaldia egingo dute.
Zelan gogoratzen duzu liburutegiaren sorrera?
Batez ere, hutsik. Lanera etorri nintzen lehen eguna, gainera, Inuzente Eguna izan zen, abenduaren 28a, eta hau hutsik zegoen. Ez zegoen telefonorik, boligraforik ere ez! Esan zidaten: “Hor dago liburutegia”; eta hasi egin behar. Eskerrak karrera bukatuta beste liburutegi batzuetan ibilitakoa nintzen! Funanbulista sentitzen nintzen; sare barik azpian, eta sortu egin behar. Fondoak erosten hasi, eta apurka-apurka bilduma guztia osotzen joan beharra zegoen. Orain atzera begiratzen dut, eta... hobeto gogoratu ez! Gogorra izan zen. Baina beno, jendeak ikusten zuen ezer barik zabaldu zela, eta hori ulertzen zuen.
Arinago Iurretan ez zen ezer egon.
Zerotik hasteak lana dakar, baina baita abantaila bat ere; ez erabiltzaileak ez gu, ez gara arinagoko ideiekin kutsatuta egon. Herritarrek liburutegia egiten joan ginen heinean ikusi dute zelakoa den, eta horrela onartu dute. Gure helburua hasieratik zen liburutegia ez izatea ikasteko bakarrik. Espazio zabal bat sortu gura izan dugu, elkargune bat, baina mota guztietako publikoarentzat; bizitzan irakurzaletasunak dauzkan etapa guztietarako. Beste ikuspuntu hori zabaltzea lortu dugula uste dugu, eta pozik gaude. Horretan ibili gara lanean; alde batetik, bibliotekaren eskeletoagaz, zerbitzua eta bildumak sortzen, eta bestetik irakurzaletasuna dinamizatzeko ekintzak antolatzen.
Nahiko biblioteka aktiboa da Iurretakoa.
Bildumari ematen diogun beste garrantzia edo handiagoa ematen diogu ekintzak egiteari. Bilduma asko berritzen dugu; urtean % 25 berritzen dugu, bizirik egon behar delako, eta erakargarria izan behar delako. Ekintzak urte guztian egiten ditugu, adin guztietakoentzat. Jendearen interesa mantentzeko eta “hemen gaude” esateko modu bat da, eta irakurzaletasuna horrela sustatzen da.
Urteurrena ospatzeko zer prestatu duzue?
Ikus-entzunezko bat editatu dugu. Ezagutzen gaituztenei eskerrak eman eta zorionak emateko, eta ezagutzen ez gaituztenengana zubi bat egiteko. Bibliotekako ekintza gehienak grabatu ditugu, eta elkarteen eta erabiltzaileen testigantzak batu ditugu, euren ahotik bibliotekaren papera zelan ikusten duten ikusteko. Martitzenerako deia egin dugu, 19:00etan, eta ikus-entzunezkoa ikusi eta luntxa edukiko dugu. Gero bideo hori herritarrengana zabaldu gura dugu sare sozialen bitartez.
Liburutegia txiki geratu zaizue.
Lekuak asko baldintzatzen gaitu. Espazioa bikoiztu dugu, 100 metro karratutik 200 metro karratura. Etortzen den jende kopuruak eta ematen ditugun zerbitzuek argi eta garbi erakusten dute txikia dela, eta, gainera, inkonpatibleak dira momentu honetan bibliotekak dituen premiak eta kultur etxeko dinamika. Lasaitasuna behar dugu liburutegian, eta lehen pisu honetan ogitarteko batean moduan sartuta gaude; jendearen joan-etorriek lasaitasun horretan eragiten dute. Espazioz, Iurreta moduko herri baten 900 metro karratuko azalera beharko litzateke. Momentu honetan, ez dago horrelako aukerarik. Orain gauza bakoitzak ez dauka bere espazioa; espazio batean dena batera dago, eta bildumarentzat ez daukagu lekurik. Egunean zehar 130-150 pertsona etortzen dira. 17:00etatik 19:00etara kontzentratzen da jende gehien.
Behar honetan, zer gustatzen zaizu gehien?
Jendeagaz daukadan hartu-emana. Iurreta moduko herri txiki batean hori oso aberasgarria da. Eta gero, hemen askatasuna eduki dudala hasieratik; ezer ez zegoenez aurretik, gura nuen biblioteka eredua sortzen joateko zortea eduki dut. Hori gutxik izaten dute. Normalean aurretik egindakoaren herentzia jasotzen duzu liburutegi baten beharrean hastean.