Zapatuan ekitaldi xume bezain ikusgarria osatu zuten Aita San Migel plazan.
Aita San Migel plazak eskaintzen duen agertoki bereziagaz, ekitaldi ikusgarria egin zuten zapatuan Iurretan, gordetzen den bandera zaharrena omentzeko. Dantzariak, abesbatza, Eneko Abasolo \'Abarkas\' eta Juan Mari Areitio bertsolariak, Fasoden maliarren elkartea, Bidane Txopitea abeslaria... herritarren parte-hartzeagaz ikuskizun dotorea prestatu zuten. Udal ordezkariak eta elkarteetako kideak ere bertaratu ziren.
Aurkezle batek, antzinako kontalarien gisan, gidatu zuen ekitaldia. Momentu hunkigarriak ere bizi zituzten hurreratutakoek; banderaren urteurrena aprobetxatuz herri-sentimendua irudikatu zen behin eta berriz.