Ortu ludikoetako partaideek produktu ekologikoekin egindako bazkaria edukiko dute zapatuan.
Produktu kimiko barik hazi dituzte Iurretako ortu ludikoetan piperrak, kalabazak, tomateak... Ramon Zearreta baratzeetako monitorearen esanetan, “modu osasuntsuan ekoitzi litekeela demostratu dugu”. Ikasturte amaierako sari legez, bazkari ekologiko baten bueltan batuko dira zapatuan.
Ortuen alboan, Betizu jatetxan izango da bazkari ekologikoa. Igor Solaguren sukaldariak adierazi duenez, menu konpletoa edukiko dute, menestragaz, okelagaz eta mermeladetatik ateratako postreagaz. Zearretak nabarmendu du bazkaria merkea izango dela, nahiz eta produktu ekologikoak garestiak direla zabalduta dagoen: “Egia da hori ere; produkzioan denbora gehiago behar dute barazkiek, eta txikiagoak izaten dira”. Zaporean, ordea, alde handia dagoela nabarmendu du: “Lehengo zaporeetara bueltatzea da”.
Erabiltzaileen esperientzia
Gaztetan ortuan ibilitakoak, sekula baratzik zapaldu ez duten gazteak... denetik dago ortu ludikoetan. Begotxu Lauzirikak, esaterako, orain baserritarren lana gehiago baloratzen duela esan du: “Ez dugu euren esfortzua baloratzen”.
Daniel Lopezek 25 urtean izan du baratza, eta oraingo barazkiek “zapore gozoagoa” dutela dio. Bera baino gutxiago dakitenek galderak egiten dizkiote, eta ahal denean laguntzea gustatzen zaiola dio. Baratzetan sortzen den giroa nabarmendu du Kristina Jimenezek: “Gozada bat da dakien jendeagarendandik ikastea”. Ortuen azpiegiturak beharra erraztu egiten diela adierazi du. Laster umea edukitzekotan da Jimenez, eta familiak ortuan asko lagundu diola esan du: “Lana da, baina emaitzek konpentsatu egiten dute”.