Urte bian izoztuta mantendu ondoren, zerga eta tasak igo egingo dituzte 2012an

Anboto 2011ko aza. 8a, 11:16

Zerga eta tasetan %2,5eko igoera lineala ezarriko dute. Gobernu Taldearen proposamen horri PSE-EEren hiru zuzenketak eta Bilduk aurkeztutako lautik bat gehitzea onartu dute. Bilduk kontra egin du

 

Zerga eta tasetan %2,5eko igoera lineala ezarriko dute. Gobernu Taldearen proposamen horri PSE-EEren hiru zuzenketak eta Bilduk aurkeztutako lautik bat gehitzea onartu dute. Bilduk kontra egin du.

 

Iñaki Totorikaguena alkatearen berbetan, “diru-kutxan aintzat hartzeko murrizketa” eragin du azken urte bian zerga eta tasak izoztu izanak, eta 2012rako proposamenak “zerbitzuak mantentzea eta batutakoa banatzen ahalegintzea” du helburu. 50 urtetik gorako ibilgailuen gaineko tasan %50eko hobaria ere proposatu dute; eta, bitan banatzea 10 langile arteko industriak eta nekazaritza eta abeltzaintzarako lokalak, zabor eta estolderia zerbitzuen gaineko tasan: lehenengoek %2,5 gehiago ordainduko dute, bigarrenek erdia. Zatikapen eta atzerapen taulan, lehenego bi tramoak ezabatzea ere onartu dute: 1.000 euro direnean hiru hileko atzerapena onartuko da; hortik aurrera diru-kopuruaren arabera, sei, bederatzi edo 12 hilabete.

 

Sozialistek ondo hartu dute igoera, “momentu onena” ez dela onartu arren. Baina, zaborra eta estolderiagaz lotutako tasetan %50eko hobaria proposatu dute, lanbide arteko gutxieneko soldatara heltzen ez direnentzat. Terrazak, mahai eta aulkiak… jartzeko lur publikoa erabiltzegaitiko tasa izoztea ere proposatu dute. PSE-EEk eta EAJk egin dute alde; bIldu abstenidu egin da.

 

Igoera "progresiboaren" egin du Bilduk

Ez dute onartu Bilduk proposatutako zerga eta tasen “igoera progresiboa”: familiakide eta premien araberako taula mailakatua proposatu dute, ehuneko zehatz batzuen araberako beherapenak batuz. Hori praktika jartzea “ia ezinekoa” jo dute sozialistek: “Beharrezkoa da maximo eta minimoak zehaztea. Gainera, %50eko hobariak diskriminazioa gitxiago egiten du”. Totorikaguenaren berbetan, berriz, “izan daiteke ideal horretara inoz heltzea, baina, azterketa konplexuagoa behar du. Sistema horrek izango duen eragina ikusi behar da”.

 

Alkatearen berbetan, “errentaren araberako hobari sistema horren eta udalak aplikatzeko behar duen gaitasunaren areko oreka behar da”.

 

Bilduk kultur ikastaroetan adinaren araberako hobaria beharrean diru-sarreren araberako planteatu du eta Ondasun Higiezinen Gaineko zerga handitzea industria izaera duten higiezinetan, “enpresaren egoera ekonomikoa aintzat hartuz”. Jeltzale eta sozialistek ez dute uste, baina, “industria gehiago zergapetzeko unea” denik. Kultura Batzordean sakonago aztertzeko da, berriz, kultur ikastaroei buruzko gaia EAJrentzat.

 

Bilduren zuzenketa bat bakarrik jaso da: ibilgailuen gaineko tasa %5 igotzearena 16 eta 19 arteko zaldi-indar fiskaldunetan, eta, %10 20tik gorakoen kasuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!