"Euskal Herrian eguraldia da gehien gustatzen zaidana"

Anboto 2011ko aza. 6a, 08:54

Fasoden maliarren elkarteak Iurretan du egoitza, eta \'Munduko paisaiak: liburutegiak topaleku\' ekimeneko gonbidatua da. Elkarteko idazkaria da Souleymane Konate, 6 urtean Iurretan bizi den 36 urteko soldatzailea

\"\"Fasoden maliarren elkarteak Iurretan du egoitza, eta Munduko paisaiak: liburutegiak topaleku ekimeneko gonbidatua da. Elkarteko idazkaria da Souleymane, 6 urtean Iurretan bizi den 36 urteko soldatzailea.

 

Aurretik, Herbehereetan, Belgikan, Frantzian, Malagan eta Mallorcako Palman bizi izan da. Bidaiaria izan ei da beti, eta bere plana bestelakoa zen arren hemen “harrapatuta” dagoela dio. Pozik eta lasai bizi da Iurretan. Bederatzi egunetan egitarau mardula edukiko duzue...

Eguaztenean lehengo eta oraingo tresna zein arropak erakutsi genituen. Eguenean pelikula bat eskaini eta ondoren berba egiteko tartea zabaldu genuen, bakoitzaren ikuspuntua jasotzeko. Gaur, barikua, Maliren historiaren gaineko ipuin-kontalariak izango ditugu. Asteburuan futbol partidak jokatu behar ziren, baina abendura atzeratu dira. Azaroaren 8 eta 9an, dantza ikastaroa egingo dugu.  Hilaren 10ean antzerkia ere eskainiko dugu, inmigrazioaren ingurukoa. Azaroaren 10ean, ohiko jaki eta edarien dastaketa egingo dugu, eta ondoren jembea joz dantzatuko gara. Malin sortua da jembea, hemen ‘tinbal’ izenez ezagutzen duzuena.

 

Zer azaldu gura duzue antzerkiagaz?

Gutako batzuk hara bueltatzean, hangoak hona etortzeagaz ilusionatzen dira. Soldatak hain dira txikiak... “Ni hemen hainbeste urte lanean, tituluagaz, hain gutxi irabazteko” diote. Ideia hori egin eta guztia abandonatzen dute. Baina esango bagenie hemen benetan zelan irabazten dugun, beharbada ez lirateke etorriko. Gero eta gaitzagoa da lan-baimena lortzea; orain  hiru urterako izan daiteke. Bestalde, mediku, kazetari eta antzeko tituludunak Malin geratzea komeni zaigula uste dugu.

 

Zenbat kide zarete elkartean?

Orain 86 gara, handik etorritako jende gehiago egon arren. Iurretan 23 maliar gaude, eta horietatik 14 elkartean. Kide gehien Durangon eta Ermuan dauzkagu.

 

Zelako herria iruditzen zaizu Iurreta?

Herri lasaia da, eta oso pozik nago bertan. Ez dut inoiz inogaz arazorik izan; ezta bizilagunekin ere: sukaldean sutea izan nuen behin, eta bizilagun denak interesatu ziren nire egoeraz. Elkartearen aldetik ere pozik gaude. 2009an sortu zen elkartea, eta dagoeneko leku bat daukagu biltzeko; elkarte guztiek ez dute zorte bera beste herri batzuetan. Udalean eta Kultur Etxean aurpegian irribarre bat dutela hartzen gaituzte, gutako batzuek gazteleraz mintzatzeko arazoak izan arren. Hori oso garrantzitsua eta eskertzekoa da.

 

Etorri berriei lagunduko diezue moldatzen, ezta?

Gehienek ez dute jakiten gazteleraz, eta paper kontuetan laguntzen diegu. Gainera, ez dakite nora joan behar duten ere, eta elkartean ez badaude ere, laguntzen diegu.

 

Zelako herria da zuena?

Mali herri eskuzabala da; batez ere, kanpotarrekin. 1999tik demokrazian gaude; 91ra arte diktadura egon zen, eta estatu kolpearen ondoren trantsizioa. 1960 arte, berriz, Frantziaren menpe geunden. Zerbitzuei dagokienez, inguruko herri hornituena da Mali; azken urteetan asko aurreratu da. Algodoia zen esportatuena, eta gaur egun arrozaren alde ari da egiten apustua. Izan ere, itsasoa ez, baina ur asko daukagu. Kanalen bidez bideratzen dabiltza gaur egun. Urrea ere badaukagu, baina meategi guztiak kanpotarrenak dira. Erlijio kontuetan, %90etik gora musulmanak gara, baina elkarbizitza oso ona da. Etnia ugari daude, eta frantsesa zein mandinga hizkuntzak dira ofizialak, nahiz eta, nire ustez, azken honek soilik beharko lukeen.

 

Beraz, 51 urte dira independentzia lortu zenutenetik.

Antzinako Sudan zen Mali. Frantziarrak ailegatzean, lurrak zatitzen hasi ziren.Independentziagaz, Sudan izena beste herri batek hartu zuenez, Mali deitu zen; ‘hipopotamo’ esan gura du, eta asko daude gure herrian. Bamako da hiriburua, eta krokodiloaren izena dauka, arrazoi beragatik.

 

Zer duzu gustukoen hemen?

Euskal Herrian eguraldia gustatu izan zait gehien; gu leku oso berokoak gara. Etorri nintzenean, 1998an, hotz handia eta euria egiten zuen. Guztia berde zegoen. Orduan Mallorcako Palman bizi nintzen, eta lagun bati hona etortzen laguntzeko eskatu nion. Bestalde, hemengo administrazioak erraztasuna gehiago ematen ditu, Espainiako beste autonomiekin konparatuz. Herritarrak ere, hasieran itxiak izan arren, ezagutzerakoan hartu-eman oso onekoak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!