Montoitik jaurtitako txapligoekin batera abiatu dituzte Sanmigelak iurretarrek. San Migel bezperan izan dute hasierako hitzordua, eta biharkoa izango dute egun handia: San Migel Eguna.
Ohitura jarraituz, dantzari eta agintarien kalejiragaz hasiko dute biharko eguna; meza amaituta, Dantzari dantza eskainiko dute Mikel Deunako dantzariek, eta gero Eneko Abasolo “Abarkas”, Gorka Lazkano eta Unai Iturriaga bertsolariek egingo dute saioa. Herri kirolek, dantzariek eta Txiri-Txiriren doinuek beteko dute arratsaldea.
Hala ere, Errosario Eguna heldu arte, badago zer gozatu. Umeentzako karaokeak abituko du, barikuan, Bariku Zurixe. Askondon izango da, 17:00etan. San Migel jaietako X. Txapelketako finalak ere jokatuko dituzte, eta Iurretako neska-mutil txirrindulari taldearen aurkezpena egingo dute. Ardoa Barrura txarangak alaituta, poteoa antolatu dute ,eta gau giroa Los Txikis taldearen bilbainadek ez ezik, Desperdizio taldearen kontzertuak eta Edanen erromeria doinuek alaituko dute.
Munduko kulturak ardatz, Mozorro Eguna dute zapatuan, herri bazkaria, bertso jaialdia eta dantzekin. Domekan, besteak beste, XIII. Nekazaritza eta Artisautza Azoka egingo dute.
Komunak direla-eta kexu
Aita San Migel plazan jarrita emakumezkoen komunak direla-eta kexu agertu dira zenbait herritar azken osoko bilkuran. "Deprimitzekoak" direla salatu dute: "Albokoaren altura berean zagoz gerritik gora eta ez dago ez ate ez hormarik". Horren haritik, "aurtengo jaietarako ezin bada be, hurrengo sanmigeletarako konponbidea gura geunke". Komunetan "intimidade" apur bat eskatu dute.
Elizpean Udalarenak diren eta egunotan itxita dauden komunak daudela gogoratu dute: "Aurten jarri diren komunetan pertsona bat dago zeintzeko eta garbitzeko. Zergaitik ez da pertsona bat jartzen be bai elizpeko komunetan eta zabalik mantendu, esaterako?".
Iñaki Totorikaguena alkateak onartu du komunak ez direla "lar egokiak". Era berean, argitu du komunak zaintzen dagoen pertsona hori enpresak berak kontratatutakoa dela. Dena dela, gaia aztertuko dela adierazi du.
Zaharberrituta aurkeztu dute bandera jendaurrean Irailaren 27an bete du mendea Iurretako banderak. Horrelaxe jasotzen dute udaletxean gordetako agiriek, eta egun horixe aukeratu dute Gerediaga elkarteak eta 1911-2011 Herri Batzordeak zaharberritutako bandera aurkezteko. Bandera originala izan da aurkeztutakoa: ezkutua eta atzealdea, urte askoan bereizituta egon direnak, batu egin dituzte berriro. |