Gazteek etxebizitzak alokairuan hartzeko diru-laguntza deialdia kaleratu du Udalak. Urriaren 10ean zabaldu eta azaroaren 11n itxiko dute eskariak egiteko epea eta, gehienez, hilean 250 euroko laguntza bideratuko dute.
Udalak 6.000 euroko diru-atala gorde du 18 urtetik 35 urtera arteko gazteei zuzendutako laguntzotarako.
Iaz 20.000 euro lotu zituzten laguntzotarako, baina aurtengo diru-atala batutako eskariei egokitzea erabaki du Udalak: iaz, aurkeztutako hiru eskarietatik bi onartu zituzten. Bete beharreko baldintzak diran bizikidetza unitatearen diru-sarrerak urtean 28.000 euro gordin baino gehiagokoak ez izatea eta etxebizitzarik ez edukitzea jabetzan. Alokairuaren kostua hilean 750 euro baino gehiagokoa ere ezin da izan, eta ez dute onartuko urtebete baino iraupen laburragoko kontraturik.
Gazteei emantzipazio prozesuan babesa ematea da deialdi horren helburuetariko bat. Baita gazteei aukera ematea ere, Iurretan bertan alokairuko etxebizitza eskuratzeko.