Inozko jai egitaraurik "beteena" aurkeztu dute

Anboto 2011ko ira. 15a, 08:56

Umeentzako eskaintza zabalagoa dakarte, besteak beste, Sanmigelek

Umeentzako eskaintza zabalagoa dakarte, besteak beste, Sanmigelek.

 

Gaur hasi eta Errosario Eguna heldu arte, Sanmigelek koloreztatutako egunak dituzte Iurretan. Pirritx eta Porrotx pailazoen saioak abiatutako jai egitarua osotu du jai batzordeak, azkeneko urteotako “beteena” diotenez: “Sekula baino ekitaldi gehiago lotu ditugu, adin guztietarako eskaintza batzen saiatuz. Egitarau oso osatua lortu dugulakoan gaude”. 59.000 euroko aurrekontua izan dute horretarako.

 

Berrikuntzei dagokienez, umeentzako eskaintza zabaldu dute. Horretara, ia egunero izango dute txikienek zer ikusi eta gozatu. Umeen Egunean, irailaren 25ean, arratsaldez ez eze goizez ere egongo da zabalik, gainera, jolasgunea. Beste alde batetik, Bariku Zurixe ospatuko dute, irailaren 30ean, iurretarrak zuriz janztera gonbidatuz.

 

Omenaldia eta bandera

Rafa Zugazartazari omenaldi “xumea” egingo diote, bestalde, aurten: 3.400 kiloko harria mugituko dute 18 iurretarrek. Irailaren 23an izango da hitzordua, probalekuan.

 

1911ko bandera zaharberritua ere aurkeztuko dute, irailaren 27an, 1911-2011 Herri Batzordeak eta Gerediagak eratuta. Izan ere, egun horrexetan eman zioten udalari bandera duela mende bat, idatziek jasotzen dutenez. Ohiturari hutsik egin barik, Montoitik jaurtitako txapligoek emango diete behin betiko ondoetorria iurretarren jaiei. Hitzordua San Migel bezperan jarri dute, 12:00etan. Musikaz, bertsoz, umeendako jolasez, kirolez, antzerkiz eta txapelketez jantzitako egitaraua lotu dute. Mozorro Egunerako, berriz, Munduko Kulturak aukeratu dute gai legez.

 

“Ezer ez esateko”

PPk Pirritx eta Porrotxen saioa bertan behera uztea eskatu duela--eta, jai batzordeak ez dauka ezer esateko: “Urteetan etorri dira, ezelako arazorik barik, eta bere horretan mantenduko dugu ekitaldia”, dio jai batzordeak.  A.Basauri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!