Arriandin, N-634 errepide nagusiaren azpitik doan oinezkoentzako pasabidea zabalik dago dagoeneko. Behin betiko argiteria jartzea baino falta ez zaion igarobide horrek 783.000 euroko inbertsioa eskatu dio Udalari. Horrela argitu dute bertora egindako bisitan udal arduradunek.
Errepidearen albo banatara dauden autobus geltoki biak lotzen ditu 30 metroko luzera duen pasabideak -zabaleran hiru metro ditu eta 2,40 metroko altuera du- eta eskailera eta arrapala bitartez heldu daiteke bertora. Indarrean den legediak dioena beteta %8ko malda hartzen dute. Aipatu dezagun, autobus geltoki berria jarri dutela N-634 errepide horretan, Iurretarako noranzkoan. Zornotzarako noranzkoan, berriz, bazegoen geltokia,baina, berriztu egin dute. Geltokiok jartzeko kaltzada zabaldu behar izan dute obra guztiaz arduratu den Jose Antonio Olabarri Construcciones S.L. enpresako arduradunek azaldu dutenez. Ingurua ere atondu dute.
Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak argitu duenez, "segurtasuna hobetzea" izan du helburu obra horrek: "Aukera ematea N-634 errepidea igarotzeko segurtasunez. Autobus geltoki batetik bestera hainbaten pasatzen dute bertatik, han bizi dutenek zein Arriandiko industrigunean lan egiten dutenek, eta, geltoki bien arteko irisgarritasuna hobetu gura izan dugu". Lanok "beharrezkotzat" jo ditu. Gogoratu du baita herrritarren eskaria zela, eta "pasabidea ikusita askok zoriondu ere egin gaitue".
N-634 errepidea igarotzeko "segurtasun arazoak" daudela nabarmendu du Totorikaguenak, "eta Zornotzarainoko zatia luzea den arren, behintzat zati baten, konponbidea eman diogu.
Oinezkoentzako pasabideari "grafitiaren kontrako tratamendua" eman zaio obraren arduradunek azaldu dutenez: "ura aldaratzen du horrek eta garbitzeko ere errazagoa da". 15 egun inguru da pasabidea zabalik dagoela, eta, esan bezala, behin betiko argiteria jartzea falta. Iurretako alkateak nabarmendu du segurtasun kamerak ere jarriko direla.
Obrak iraun bitartean ez da N-634 errepidea trafikoari moztu. Hori bai behin behinean desbideratu egin dute trafikoa, obra zuzendaritzaz arduratu den Arcain Ingeniería y Arquitectura S.L. enpresako arduradunak argitu duenez. Bestalde, industriaguneraino azpiegiturak eroan behar izan dira.
Oinezkoentzako pasabidea egitegaz batera Arriandiko baserrietarako irisgarritasuna hobetzeko lanak ere garatu dira eta argiteria jarri, Totorikaguenak esan duenez.