Herrigune barruan enpresa berrien jarduna sustatu gura du udalak lehiaketa honegaz. Eskabideak aurkezteko epea hasi dute eta urriaren 31ra bitarteko epea egongo da horretarako.
Norbere enpresa edo denda sortuz lanean hasi gura dutenei "bidea erraztu" guran antolatu du Iurretako Udalak hirugarren urtez enpresa-proiektuen lehiaketa. Iurretako herrigunean euren enpresa kokatu gura duten pertsona fisiko eta juridikoek (enpresa txiki eta ertainek) edukiko dute aukera lehiaketan euren idea aurkezteko.
Lehiaketa irabazten duenak 9.000 euro irabaziko ditu eskudirutan. Zatika emango zaio sari hori: obra eta jarduera lizentziak ematerakoan, laguntzaren % 20 emango diote; establezimendua zabaltzeko lizentzia ematerakoan, % 50; eta gainerako % 30a urtebeteko epean jasoko du.
Balorazio Batzordeak saria ematerakoan hainbat alderdi izango ditu kontutan, hala nola, sustatzaileak Iurretan erroldatuta egotea, proiektuaren originaltasuna, eta norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzeko sustapen-neurriak. Iurretako ekonomia, gizarte, kultura eta ingurumenaren arloan enpresak ekarpena egitea ere baloratuko dute.
Aurreko edizioen irabazleak
Lehiaketa honen lehen irabazlea Durangaldeko Herri Komunikabideak (Anboto komunikabideak) izan zen, eta iaz, beriz, AL-Arquitectura enpresak irabazi zuen.