Guraso elkarteko idazkaria eta diru-zaina izandako Fede Sanchezeri emango diote, aurten, Iurreta Institutuaren saria. Ekainaren 3an izango da ekitaldia,12:00etan, institutuko Areto Nagusian.
Ikastetxearen alde guraso elkartean sei urtean zehar egindako lana eskertu gura diote Sanchezi. Zortzigarren edizioa da aurtengoa. Gainera, oraingo honetan errekonozimendua bestelako esparruetara ere zabaldu gura izan dute, "azken urte hauetan ikastetxearen alde lan egin duen pertsonari erreparatuz", azaldu dute institutuko arduradunek. Azken urteotan, institutuagaz lotura izan duten enpresariak eta ikasle ohiak izan dira sarituak.
Laredon (Kantabria) jaioa da Sanchez. Liendon bizi izan zen 15 urte bete arte eta adin horregaz Traña-Matienara (Abadiño) etorri zen bere familiagaz. Compresoren Samur enpresako bulego teknikoan hasi zen lanean, aldi berean, ikasketak eginez.
Soldadutzatik etorri zenean, garraiolari autonomo moduan hasi zen lanean, eta 1995ean Arrileku kooperatiba sortu zuen Mañarian, jakin eragin dutenez. Hiru urte beranduago kooperatiba horrek Gallartako AST enpresarekin bat egin zuen. Gaur egun, Pavimentos Galea S.A. enpresako obra arduraduna da.
Herri Kirolak dira bere zaletasuna, batez ere, soka-tira eta idi-probak. Baita txirrindularitza ere. Abadiñoko Txirrindulari elkartearen alde egindakoa ere bada gainera, Iurreta Institutukoek azaldu dutenez. "Ekintzaile perfila" eta "bai dinamika sozialetan zein kirol munduan parte hartzailea" nabarmendu dute: "Gure ikastetxearen heziketa kalitatearen alde egin du apostu Sanchezek, eta horren erakusle dira bere seme Unaik eta Endikak, hurren hurren, frabrikazio mekanikoko erdi-mailako eta goi-mailako zikloetan jardutea".