Bigarren mailako hornidura sarea berrizteko planean batu dira lanak.
Mallabienan ur hornidura sarea berrizteko egitasmoan batutako lanak amaitu ditu Udalak. Argitu dutenez, bigarren mailako ur hornidura sarea berrizteko planaren baitako lanak dira, txarto dauden hoditeria-tarte guztiak konpontzea helburu hartuta.
Mallabienako tartean ur-hornidura sare berria jarri dute, “hoditeria zaharrak sortutako arazo guztiei irtenbidea emanez”, azaldu dutenez. Era berean, hodiaren diametroa zabaldu dute. Denera, 700 metro ordeztu dituzte. Asteon amaitutako beharrak aurrera eroateko errepide azpian pasabide bi egin behar izan dituzte, esandakoaren arabera: BI-623an (50 m) eta BI-623tik N-634ra sartzeko zatian (20 m).