Eskolatze gastuei aurre egiteko laguntza

Anboto 2011ko api. 28a, 09:14

0-16 urte bitarteko neska-mutil bakoitzeko 75 euro arteko diru-laguntzak emango dituzte

0-16 urte bitarteko neska-mutil bakoitzeko 75 euro arteko diru-laguntzak emango dituzte. Udalak 15.000 euro gorde ditu herriko 0-16 urte bitarteko neska-mutilen eskolatzetik familiei eratorritako gastuei aurre egiteko. Haurreskolatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara bitartean, gehienez, 75 euroko laguntza jasoko dute familiek umeko; gutxienez, berriz, 20 euro, Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez. Baldintza bi bete behar dira: 2010-2011 urte tartean Iurretan erroldatuta egotea, batetik, eta, bestetik, eskolatzea mantentzea urte osoan zehar; Iurretan zein beste herri baten. Argitu duenez, aurreikusi baino eskari gehiago egonez gero, diru-laguntzen banaketa berraztertuko dute.

Laugarren urtez

Laugarren urtez banatuko dituzte laguntzok. Iaz 300 neska-mutilek jaso zuten eta aurten 0-16 urte arteko 500ek dute aukera. Eskariak egiteko epea maiatzaren16an hasi eta hilaren 27an amaituko da. Azken urteetan 15.000 euroko atal hori mantendu du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!