Seinaleztapen berria ipiniko du Udalak baserrien izenek duten "berezko garrantzia" mantendu guran. Bizitza bakarreko etxeak ere batu dituzte egitasmo horretara. Denetara 136 baserri eta bizitza bakarreko etxeko seinalizatuko dituzte, 30.000 euro inguruko aurrekontuarekin. Baserriaren edo bizitza bakarreko etxeen izena mantentzeari "garrantzitsua" deritzo Udalak Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez eta horiek mantentzeko atera gura dute egitasmoa aurrera. Denetara, 103 seinale eskatuko dizkiote lanak hartzen dituen enpresari (izen bakarreko 75, bikoitzak 23 eta hirukoitzak 5). Batez ere, baserriak dira seinalizatuko direnak. Lanak apirilean esleitu gura ditu Udalak eta maiatzaren azkenetan edo ekain hasieran jarri. "Baserri eta etxeon izena mantentzea gura dugu, geure kultura ere berez daukan garrantzia eman", dio Totorikaguenak. Baserri edo etxearen izena eta auzoarena batuko dute seinaleek. Egitasmoaren berri emanez gutuna helarazi diete auzoetako herritarrei udal arduradunek eta izan zitezkeen akatsak zuzendu ahal izateko martxoaren 18ra arteko epea eman diete: "Egon daitezkeen akatsak, erratak.. zuzentzeko edota baserri edo etxeren bat ahaztu badogu hori ere zuzentzeko", dio alkateak. Jasotako proposamenekin egitasmoa moldatuko dute eta behin betiko onartu, gero kontratazio fasera pasatzeko.