VIA-T sistemagaz dohainik ibili ahalko da Iurreta eta Gerediaga artean

Anboto 2011ko mar. 3a, 09:47

EAJ alderdiak Durangoko Elkartegian atzo egindako ekitaldian iragarri zuen Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiak.

EAJ alderdiak Durangoko Elkartegian atzo egindako ekitaldian iragarri zuen Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiak. EAJ alderdiak ekitaldia egin zuen atzo (martxoak 2) Durangoko Elkartegian. Bertan batu ziren Aitziber Irigoras Durangoko alkatea, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusia, Andoni Ortuzar Bizkai Buru Batzarreko Lehendakaria eta Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria. Elkartegia lepo bete zen ekitaldirako. Jose Luis Bilbaok, besteak beste, errepideen gaineko azpiegituren gainean jardun zuen. N-634 errepidean, Traña-Matienatik Iurretara arteko tramuan, ilara luzeak sortzen direla gogoratu eta autoen emari hori arindu guran hartuko duten neurri bat iragarri zuen. Orain, A-8 autopistan hirugarren erreia egiten dabiltza Iurreta eta Gerediaga artean (2011 urtearen amaieran amaitzea aurrikusita dago), eta, Gerediagan ordainlekua ere egingo dute. Lanak amaitzen direnean, VIA-T sistema dutenek, Iurreta-Gerediaga tramua (noranzko bietan) dohainik egin ahalko dutela iragarri zuen. \"Sartzerakoan eta irteterakoan txartela irakurriko du sistemak, baina ez dio kobratuko\", adierazi zuen. Horrela, \"baliabide publikoen arrazoizko erabilera\" egin gura dute gaur egun N-634 errepideko tramu horretan dagoen arazoari irtenbidea eman guran. Bestalde, Amorebieta-Etxanotik Gernikarako tramua (Autzagane tunelaren bidez zeharkatuko duena) datorren hilean lizitazioara aterako dutela iragarri zuen eta baita Gerediaga eta Elorrio lotuko dituen saihesbidea ere. Aitziber Irigoras alkateak trena lurperatzeko lanak atzeratzen ari direla salatu zuen: \"Ematen du ez dagoela EAEko Gobernuaren lehentasunen artean. Proiektu garrantzitsua da Durango eta Durangaldearentzat eta guk lanak lehen bait lehen amaitu daitezen eskatzen jarraituko dugu\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!