Zapaturako afaria antolatu du Goiurin Anderebidek

Anboto 2011ko mar. 1a, 09:00

Iaz 83 emakume elkartu ziren afaritarako. Izena emateko azken eguna eguaztena da.

Iaz 83 emakume elkartu ziren afaritarako. Izena emateko azken eguna eguaztena da. Martxoaren 8a gertu dagoela eta, inauterietako zapaturako afaria antolatu du Anderebide emakume elkarteak. Dagoeneko berrogeita hamar pertsona inguruk izena eman dutela azaldu dute elkartetik. Ikuspegi jatetxean hartu dute lekua, eta Iurreta eta inguruetako emakume guztiak daude gonbidatuta. Inauteriak tartean daudenez, mozorrotuta joateko deia egin du Anderebidek. Izena Ibarretxe kultur etxean edo Anderebideren telefonora deituta (616 490 506) eman daiteke hilaren 3a baino lehen. 21:30ean ipini dute ordua, eta Goiurira igotzeko autobusa edukiko du gura duenak. 20:45ean irtengo du autobusak Correos pareko autobus geltokitik. Bazkideek 20 euroan izango dute afaritarako txartela. Iurretarrek 25 euroan eta gainerakoek 30 euroren truke.

Hitzaldia hilaren 16an

Afariaz gain, Martxoaren 8aren inguruan, Anderebideko Maria Jose Gonzalezek azaldu du testamentu foralaren gaineko hitzaldi bat antolatu dutela hilaren 16rako: \"Ez dauka zerikusi zuzena Emakumeen Nazioarteko Egunagaz, baina testamentuen gaineko hitzaldi baten galdera asko geratu ziren erantzun barik. Iurreta elizatea izan eran, arau foralak aplikatzen dira berton eta hitzaldi hartan informazioa falta zitzaigun. Egunean egoteko era guztietako hitzaldiak antolatzen ditugu, eta hau horietako bat izango da\". 16an 18:00etan izango da berbaldia Ibarretxe kultur etxean.

Herriaren erantzunagaz, pozik

Elkarte gaztea da Anderebide; irailean urte bi egingo ditu. Orain arte hainbat hitzaldi, ikastaro eta irteera antolatu dituzte, eta Gonzalezek azaldu digunez, pozik daude herritarren erantzunagaz: \"Duela gutxi egin dugun sagardotegiko irteeran ia beste autobus bati deitu behar izan genion, eta ikastaroetan ere jende askok parte hartu du; batzuk errepikatu egin behar izan ditugu\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!