Inbertsio nagusiak etxebizitza egitasmoentzat eta Larrakozelain kiroldegiaren proiekturako lehen pausoak emateko izango dira.
Gobernu taldearen eta Ezker Batuaren aldeko botoekin onartu dituzte aurtengo aurrekontuak. Inbertsio nagusiak etxebizitza egitasmoentzat eta Larrakozelain kiroldegiaren proiekturako lehen pausoak emateko izango dira.
Iaz baino ia milioi bat euro gutxiagogaz ekingo dio Iurretako Udalak 2011ri. 8.432.000 euroko aurrekontua onartu dute gaur goizean. Aurrekontu horren ia % 40 inbertsiotarako bideratuko du udalak. Iñaki Totorikaguena alkateak nabarmendu gura izan duenez, \"egoera ekonomikora egokitutako aurrekontuak dira, udalari arnasa hartzera bideratuak\".
Etxebizitzak
Alkateak azaldu duenez, aurten etxebizitzen eraikuntza proiektuek izango dute lehentasuna. Bideondon, Paduretan eta Fundigueleko lehengo lurretan etxebizitzak eraikiko dira datozen urteotan. Udalak 710.000 euro bideratu ditu lursail horien kutsadura kentzeko eta urbanizazio proiektuak eurak garatzeko.
Lurreko kutsadura kentzeko beharren menpe daude etxebizitza proiektuak hasteko datak. Paduretan 300 etxebitizatik gora eraikiko dituzte; 240 prezio librekoak eta 60 tasatuak. Fundigueleko lehengo lurretan, berriz, 84 etxebizitza eraikiko dituzte. Horietatik 21 prezio kontzertatutakoak izateko negoziatuko du udalak obren sustatzaileekin.
Kiroldegia Larrakozelaian
Horrez gain, 370.000 euro bideratuko ditu udalak Larrakozelain polikiroldegia egiteko lursailak erosteko eta proiektua erredaktatzeko. 84.000 metro karratuko lursaila beharko da kiroldegia egiteko, eta lur horiek aurten eskuratzea da udalaren asmoa.
Gizarte ongizatea
Iazkoekin alderatuta, gizarte ongizaterako eta kulturarako laguntzak ia ez dira aldatu. Gizarte ongizateari dagokionez, \"eskaeren arabera\" aldatu dute diru partida. Totorikaguenak azaldu du fatxadak eraberritzeko laguntza hazi egingo da 30.000 eurotik 40.000 eurora, eta gazteentzako alokairuetarako laguntzak bajatu, 30.000tik 6.000ra.
Beste egitasmo batzuk
Orozketan uren hornikuntzari ekingo diote aurten, eta horretarako 350.000 euro bideratuko ditu udalak. Horrez gain, aurten Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari ekingo diote Iurretako Udalean, eta 13.000 euro bideratuko dituzte horretarako. Dirulaguntza berri bat ere kaleratu dute, 1.000 eurokoa, bakarkako lehian dabiltzan emakume kirolarientzat.
Oposizioaren iritzia
Bozkaketa orduan Ezker Batuak aldeko botoa eman die aurrekontuei, eta beste zinegotzi guztiak abstenitu egin dira.
Ezker Batuko Jose Luis Zubillagaren ustez \"krisiari egokitutako aurrekontuak\" dira aurtengoan. Gizarte ongizateko dirua ez gutxitu izana nabarmendu du eta etxebizitzak laster egiten hasteak lehentasuna daukala esan du. Legeari jarraiki, udal langileen soldata bajatzea ere aurreikusten du aurrrekontuak, eta horren kontrako iritzia agertu du Zubillagak: \"langileek ez dute krisi hau ordaindu behar\".
Kiroldegia
Larrakozelaiko proiektua dela eta ez dela egon dira desadostasun handienak. Alderdi gehienentzat, proiektua garrantzitsua da, baina lehentasuna eman behar zaionik, ez dute argi. PSE-EEko Maria Angeles Muñozek proiektua orain garatzea gaitz ikusten du: \"duela hamar urte baino gehiago egin zen proiektuaren antzera honek ere zaharkituta geratzeko arriskua du\". \"Krisi garaiotan proiektua bera lantzen hasteko baino kirol azpiegituretan hobekuntzak egiteko aprobetxatu genezake dirua\". Alderdi Popularreko Cipriano Ramosek ere antzera adierazi du: \"ez da proiektua aurrera ateratzeko momentua\". Fernando Borjaren ustez, \"etorkizun baten egin ahalko da baina momentu honetan udala hipotekatzea da\".
Errepide nazionalaren auzia
PSE-EEk errepide nazionalaren auzia gogoratu du udalbatzarrean: \"Aldundiak errepidea lurperatzea lehentasunetan jarriko zuela esan zuen, baina PTPrik kendu dute\". Errepidearen arazoa konpontzea \"herritarrentzat garrantzitsua\" dela eta \"udalak ezer egin ez\" duela salatu du: \"Foru Aldundiari beste zer edo zertarako laguntza eskatu beharko genioke\".
Iñaki Totorikaguenak erantzun dio udala \"behin eta berriro\" joan dela aldundira \"konponbide eske\". Aldundian konponbide bat beharrezkoa dela \"barneratuta\" daukatela ziurtatu du, eta soluzio bat baino gehiago egon daitekeela azaldu du: \"ezin gara konponbide bakar baten zentratu\".
Paduretako etxeen gainean
Fernando Borjak, Paduretako urbanizazioa dela-eta auzokideen birkolokazioaren inguruko salaketa egin du. Botako dituzten etxeetan bizi diren auzokideei kalte ordaina emango die udalak, eta etxebizitza tasatu berrietan ipiniko dituzte bizitzen. Borjaren esanetan, \"eskubideak galduko dituzte auzokideek\" kalte ordaina baino prezio altuagoa ordaindu beharko dutelako etxebizitza tasatuetan bizitzeko. Alkateak erantzun dio udalak ahaleginak egin dituela birkolokazio hori arintzeko: \"auzokide horientzako etxeen tasak 1,7tik 1,1era bajatu ditugu eta kalte ordaina bikoiztu dugu\".