Otsailaren 25era bitartean Iurretako Udalak \"Welcome\" deritzon argazki erakusketa antolatuko du.
Erakusketa honen bidez, Bakea eta Duintasuna elkarteak eta Biladi Palestinar Kultura Zentroak herri palestinarraren errealitatea hurbildu gura diete herritarrei.
Otsailaren 25era bitartean Iurretako Udalak \"Welcome\" deritzon argazki erakusketa antolatuko du.
Erakusketa 18 panelek osatzen dute; horietan hainbat autoreren argazkiak, mapak, testu laburrak eta Palestinako olerkarien bertsoak daude, historia eta okupazioaren ondorioak azaltzen dira, giza eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbidearen betetzearen ikuspegitik. Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean ikusgai egongo da goizeko 09:00etatik 13:30era eta arratsaldeko 15:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura bitartean.
Palestinara heltzean \"Welcome to Palestine\" da entzuten den ongi etorriaren lehenengo esaldia. \"Herri palestinarra suntsitu duen erregimen sionista totalitario baten 60 urteko okupazioak ez du autodeterminazioaren eta onarpenaren alde borrokatzen duen herri baten harrotasuna isildu, nahiz eta nazioarteko erakunde eta gobernuek beste alde batera begiratu\", azaldu dute prentsa oharrean.
Erakusketa honen bidez, Bakea eta Duintasuna elkarteak eta \"Biladi\" Palestinar Kultura Zentroak herri palestinarraren errealitatea hurbildu gura diete Bizkaiko herritarrei; 1948. urtetik okupazio militar bati eutsi eta bizitza duin bat izaten saiatzen den herri baten errealitatea, alegia.
Bestalde, hilaren 24an, eguena, arratsaldeko 18:30etan Ibarretxe Kultur Etxean bideoforuma antolatu dute; \"GUETO\" dokumentala proiektatuko delarik eta Eneko Calle (Bakea eta Duintasuna) moderatzailea izanik.
\"GUETO\" dokumentala Zisjordaniako eta Gazako lurraldeetatik egindako ibilbide bat da,\"Israelek Palestinaren lurrak eta baliabideak lapurtzeko erabiltzen dituen tresnak erakusten dituena\". Salatu dutenez, \"testuinguru honetan, Palestina munduaren begietatik desagertuz doa, Israelek Nazioarteko komunitatearen babesarekin jarraitzen duen bitartean\".