Atzo (azaroak 16) hasi ziren Iurretan Fundigueleko eraikin zaharra botatzen. Iurretako Udalak komunikabideak deitu zituen fundizioa zena eraisteko prozesua azaltzeko.
Hamabost-hogei egun beharko dituzte eraikina guztiz botatzeko. Makina guztiak fundizioa izan zenaren ondoan daude dagoeneko. Ingurugiroaren deskontaminazioa dala-eta, neurri bereziak hartu beharko dituzte eraikina botatzeko orduan. Hasteko, fibrozemento izeneko gai kutsakor bat kendu behar dute eraikinetik, eta horretarako, inguruko -Maspe kaleko- autoak kendu behar dituzte. Barikurako fibrozementua kenduta izango dutela eta Fundigel eraisten hasiko direla aurreikusi dute beharren arduradunek.
Fundizioa zenaren atzekaldea botako dute lehenengo, eta Maspe kalera ematen duen horma izango da eraitsiko duten azken zatia.
Eraikina bota eta gero lurra deskontaminatzeko beharrak egingo dituzte: lurra altxatu eta kutsadura aztarnak kendu beharko dituzte, eta urte eta erdi inguru beharko dute horretarako, Iurretako alkate Iñaki Totorikaguenak azaldu duenez. Dena prest dagoenean bertan etxebizitzak eraikitzeko asmoa dauka Iurretako Udalak. Lehen eraikina 24 etxebizitzakoa izango litzatekeela aurreratu du Totorikaguena alkateak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!