Marokoko kultura ezagutu eta bizitzeko aukera liburutegian

Anboto 2010ko urr. 29a, 13:07

Iaz Errumaniako kulturagaz egindako moduan, Marokoko kulturaren berri edukitzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Iurretako Herri Bibliotekak.

Maider Galarza ipuin kontalariak umeentzako eta nagusientzako Marokoko ipuinak kontatuko ditu gaur Herri Bibliotekan. 18:00etan izango da umeentzako kontaketa, eta helduentzakoa 20:00etan. Marokoko kulturara gerturatzeko liburutegian antolatu diren ekitaldietako bat izango da gaurko hori. Iaz Errumaniako kulturagaz egindako moduan, Marokoko kulturaren berri edukitzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Iurretako Herri Bibliotekak. Asteon erakusketa bi zabaldu dituzte, eta hitzaldiak ere eman dituzte. Munduko Paisaiak ekimenaren barruko ekitaldiak dira horiek.

Marokoko janaria

Ekitaldi nagusia azaroaren 11n izango da. Marokoko gastronomia erakustaldia eta dastaketa egingo dute liburutegian, 18:30etik aurrera. Humusa (garbantzu patea), kus-kusa, pastela, te morunoa eta pastak zelan egiten dituzten eta noiz eta zergatik jaten dituzten azalduko dute. Horrez gain, Bouhia arabiar-berebere taldeak kontzertua eskainiko du. Datorren martitzenean, azaroaren 2an, umeentzako tailerrak egingo dituzte Marokoko umeen betiko jolas, abesti eta ohiturak ezagutzeko. Eguenerako, berriz, bideoforuma antolatu dute Retorno a Hansala eta El viaje de Said pelikula marokoarrekin. 18:30ean hasiko da film emanaldia.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!