Iturburu auzoan 40 ortu ludiko prestatu dituzte eta bakoitzak 75 metro koadro ditu.
Iurretako Udalak herritarrei Iturburu auzoan atondu dituzten ortuak aurkeztu dizkie. 40 ortu ludiko prestatu dituzte eta bakoitzak 75 metro koadro ditu. Ortuekin batera, Iturburun txabola bat ere eraiki dute, eta bertan, lanerako erremintak, abonuen biltegia, aldagelak eta komunak izango dituzte.
Ortu ludikoak eskatzeko azaroaren 4ra arte izango dute aukera iurretarrek eta Bidebarrietako udal bulegoetan eman daiteke izena. Ortuak zozketaz banatuko dituzte: Baratzetako 12 langabetuentzako gordeko dituzte, beste 12, erretiratuentzako, 8, premia bereziak dituzten herritarrentzako, eta azken 8rak beste herritar guztientzako izango dira.
Denentzako erreminta berak edukiko dituzte, nahiz eta etxetik norberak bereak eroan ahalko dituen. Zozketa eginda, ortuak lau urterako emango dituzte, 100 euroko fidantzaren truke. Asmoa lau urte barru itxaron-zerrendan egon daitezkeen iurretarrek ortuen zozketan sartzeko aukera izatea da.
Koordinatzailea
Ortuetan ibiliko diren 40 pertsonek nekazaritza ekologikoaren gaineko ikastaroa jasoko dute abendu honetan. Ikastaroa Ramon Zearreta injineru agronomoak emango du. Zearretaren berbetan \"negu ingurua ikasteko garai ona izango da, gero udaberrian lanean hasteko\". Nabarmendu du jende asko nekazaritzako ezagutzekin gerturatu dela ortuen galdezka, eta bere beharra nekazaritza ekologikoari buruzok galdera teknikoak erantzutea izango dela.
Proiektu zabala
Urkiola Landa Garapena elkartetik bultzatutako egitasmoa da ortu ludikoena. Urkiolako lehendakari Juan Mari Totorikak azaldu duenez, \"kalea eta nekazari mundua uztartzea\" da ortuen helburua. Iurreta izan da eskualdean ortuak atontzen lehenengoa, eta bere ostetik, Abadiñon, Atxondon, Berrizen, Elorrion eta Zaldibarren ere ipiniko dute egitasmoa martxan.