"Indarkeria bako gizartean gutxiago sufrituko lukete emakume zein gizonek"

Anboto 2010ko urr. 14a, 14:16

Eguneroko gauza txikien inguruan hausnartzeko aukera eskaini gura du Anderebide elkarteak tratu onen aldeko eta indarkeriaren kontrako tailerrean.

Eguneroko gauza txikien inguruan hausnartzeko aukera eskaini gura du Anderebide elkarteak tratu onen aldeko eta indarkeriaren kontrako tailerrean. Indarkeria matxistari aurre egiteko bidea maitasun hartu-eman osasuntsuak garatzea da, Miriam Ocio tailerreko dinamizatzailearen ustez. Berekin egon gara urriaren 20an hasi eta azaroaren 24an amaituko den tailerrari buruz berbetan. Zelakoa izango da tailerra? Guztion esperientzietatik abiatuta, ibilbide bat egin gura dugu genero indarkeriaren inguruko oinarrizko elementuak lantzeko; gauza txikietatik hilketaraino. Hortik abiatuta, indarkeria horri aurre egiteko emakumeek izan ditzaketen baliabideak ikusiko ditugu. [img]http://www.anboto.org/images/8200/8276/1.jpg[/img] Emakumeentzako eta gizonentzako tailerra da... Emakumeen kontrako indarkeria ez da emakumeen arazoa. Gizon eta emakumeen arazoa da, emakumeei eragiten diena, eta hor zerikusi zuzena dute bai gizonek bai emakumeek dituzten jokabide matxistek. Emakumeek eta gizonek parte hartzea gura dugu, eta hezitzaileei ere deialdia egin diegu. Zer dira, baina, tratu onak? Baikortasunetik egin gura dugu lan: hartu-emanetan bata bestea zaintzen eta maitasuna modu positiboan adierazten ikasi behar dugu. Horrela eginda, indarkeria egoerak saihestuko ditugu. Jeloskortasunagaz eta kontrolagaz zerikusia daukaten hartu-emanak barik zaintzan eta errespetuan oinarritzen direnak eduki behar ditugu. Anderebidegaz Juan Orobiogoitia institutuan ere landu duzue gai hau, ezta? Iaz hasi ginen, eta aurten ere egingo dugu. Urrian, astebetez, DBH 2ko ikasleekin genero indarkeriaren gaia lantzea da kontua. Etapa hori garrantzitsua iruditzen zaigu arrisku joerak zeintzuk diren ikusteko; hartu-eman osasuntsua zer ez den eta zer den hausnartzeko aukera eskaini gura dugu. Kontrolari buruz berba egiten duzu. Tratu txar fisikoaren edo hilketaren aurretik, arinago beste etapa batzuk egoten dira, batzuetan ez direnak indarkeria moduan ikusten, baina botere-harreman hori erakusten dutenak: errespetu falta, kontrol ekintzak, irainak, mespretxuak, lagunekin egoten ez uztea... mikromatxismoa deitzen zaio horri. Berdintasunean asko egin dugu aurrera, baina oraindik matxismoaren aztarna horiek geratzen dira. Berdintasuna lantzeko aukera ugari ikusi ditugu azken aldian gurean. Formazioan maila berean daude emakumeak eta gizonak? Egia da geroago eta ikastaro gehiago dagoela, baina lan asko dago egiteko. Gizonen kasuan, maskulinitatearen atzean dauden balioen gaineko eztabaida geroago eta zabalduagoa da. Pauso garrantzitsua iruditzen zait. Gizonek, jaso duten hezkuntzan, asko galdu dute; afektibitatea adieraztea beti egon da emakumeei lotuta, adibidez. Indarrean eta ez-espresioan oinarritu da euren hezkuntza. Durangaldean talde batzuk sortu dituzte hausnarketarako, oraindik gutxi badira ere. Gaitza da, gizonak ez daudelako ohituta horrelako gauzetaz berba egitera. Belaunaldi arteko alderik igarri duzu? Bai, aldaketak badaude, eta batzuetan, harritu egiten naiz arlo batzutan hain aldaketa gutxi ikusteaz. Nerabezaroa, azken finean, segurtasun falta handiagaz bizi dute gazteek, eta batzuetan muturreko kontrol jarrerak ikusi genitzake. Zelan ikusten duzu etorkizuna? Nik uste dut berdintasunaren aldekoa itzulera bako mugimendua dela. Tratu onak landuta, egoera ez da izango hobea emakumeentzako bakarrik; indarkeria bako gizartean emakumeek eta gizonek gutxiago sufrituko dute. Honen emaitza guztiok hobeto bizitzea da; ez egotea desberdintasunik, izan gizon izan emakume. Gauza txikietatik hasita. Ez da desberdintasunik egon behar nork eman musu bat gehiago nork gutxiago, nork hezi umeak... Bidea maitasun hartu-eman osasuntsuen bilaketan dago.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!