Eguaztenean herri-kiroletan ibili ziren iurretarrak.
Jaien bigarren asteburuan praka bakeroak eta eguneroko kamiseta etxean utziko dituzte iurretarrek. Barikuan elegante janzteko eguna antolatu dute: Migeltxu Kajoi. Zapatuan, berriz, urteroko Mozorro Eguna edukiko dute, eta aurten \"telesailak\" izango dira gaia.
Urriko lehen barikuan Arrasaten Maritxu Kajoi izaten dela-eta, aurten jai horri keinu berezia egitea pentsatu dute Iurretan. Egun horretan bertan dotore jantzita irtengo dira kalera iurretarrak, Migeltxu Kajoi eguna ospatzera. Migeltxu hartuta, arratsaldean \"prozesioa\" egingo dute. 19:30ean ipini dute hitzordua Montoian, eta alkateagaz, abadeagaz eta monagilo baten laguntzagaz ibiliko da Migeltxu tabernarik taberna. Iurreta osotik pasatuko da prozesioa plazaraino, Elektrotxarangaren laguntzagaz.
Elegante jantzita irten eta biharamunean, beste mozorro bat janzteko eguna izango dute iurretarrek.
Mozorro Egunean aurten jende ezagun asko ibiliko da Iurretan. Telesailetako pertsonaiez janzteko eguna izango da urriaren 2a, eta marrazki bizidun, telesail eta telenobeletako protagonistek Sanmigeletako giroaz gozatuko dute.