San Migel jaietako egitaraua martxan da gaurtik aurrera

Anboto 2010ko ira. 17a, 11:08

Berez San Migelak irailaren 28tik urriaren 3ra badira ere, Pirritx eta Porrotxen emanaldiagaz hasiko da egitaraua, gaur bertan. Frontoian egongo dira pailazoak, 18:00etatik aurrera.

Berez San Migelak irailaren 28tik urriaren 3ra badira ere, iurretarrei jaiak \"labur\" egiten zaizkiela-eta, gaurtik hasita hainbat ekitaldi antolatu ditu San Migeletako jai batzordeak. Pirritx eta Porrotxen emanaldiagaz hasiko da egitaraua, gaur bertan. Frontoian egongo dira pailazoak, 18:00etatik aurrera. Bihar herri-bazkaria edukiko dute, eta horren ondoren, 17:30ean, Aramaio eta Iurretaren arteko bertso desafioa hasiko da. Otxandioko jaietan egin zuten lehenengo saioa. Aramaiok irabazi zuen orduan eta zapatukoa errebantxa izango da. Berrikuntzen artean, urriaren 1erako Migeltxu Kajoi Eguna antolatu dute. Arrasateko Maritxu Kajoiri keinua eginda, dotore janzteko eguna izango da bariku horretakoa, eta prozesioa ere egingo dute iurretarrek, tabernetan. Horrez gainera, irailaren 25ean Zaldai mendi taldeak irteera antolatuko du lehenengoz, eta egun berean Euskadiko laugarren One-Wall txapelketa jokatuko da.

Jai herrikoiak

Jai egitaraua herriko hainbat talderen artean antolatutakoa dela nabarmendu dute jai batzordeko kideek. Gazte, pilotari, txirrindulari, bertsolari, aisialdi taldeko, motorzale zein herri-kirol zaleek parte hartu dutela gogoratu du batzordeko kide Eneko Abasolok: \"herriaren parte-hartze bako jairik ez dugu ulertzen, Iurretan behintzat\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!