Aita San Migel plazan egin dute herriko dozena bat elkarteren ordezkariek gaur, irailaren 28tik urriaren 3ra arteko San Migel jaien programaren aurkezpena.
Aita San Migel plazan egin dute herriko dozena bat elkarteren ordezkariek gaur, irailaren 28tik urriaren 3ra arteko San Migel jaien programaren aurkezpena. Izan ere, bariku honetan bertan hasita, jai-giroa zabaltzen laguntzeko hainbat ekitaldi izango baitira Iurretan aukeran.
Lehenengoa, azken urteetan bezala, herriko umeengan pentsatuta lotu du Jai Batzordeak: Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldi. Irailaren 14ra arte herrian erroldatutakoentzako daude euro batean sarrerak Ibarretxe kultur etxean salgai, eta irailaren 15etik aurrera ipiniko dituzte gainontzekoentzako eskura.
Berez \"bost egun\" irauten duten San Migel jaiak \"iurretarrei labur\" egiten zaizkiela-eta, barikuko umeeni zuzendurikoaz gainera asteburu honetan hasita izango diren hainbat ekitaldi aurkeztu ditu jai batzordeak, bertako kide den Eneko Abasoloren ahotik.
Irailaren 18rako esaterako, San Migel jaietako txapelketako partidak 11:30etan, eta bazkari herrikoia antolatu dituzte. Zapatu arratsaldean bestalde, bertso-desafioa jokatuko dute 17:30ean Iurretako eta Aramaioko bertsolariek. Bigarren urtez, Pablo Berasaluze txapelketako esku pilota partidak jokatuko dituzte baita iralaren 18an. Domeka goizean, eta astelehen eta martitzen arratsaldetan ere, esku pilota txapelketetako partidak jokatuko dituzte.
\"Ohiturazkoekin, eta berriagoak diren ekitaldiekin\" Jai Batzordean herritarrek osatu duten egitarauak jasotzen dituen nobedadeak aipatu dituzte Aita San Migel plazako aurkezpenean. Berritasunen artean, oraintsu sortutako Zaldai Mendi taldeak lehenengoz antolatu du duen mendi irteera azpimarratu dute: irailaren 25ean, 08:00etan aterako dira herriko plazatik. Egun berean, Euskadiko laugarren One-Wall pilota txapelketa jokatuko da Iurretan lehenengoz.
Herritarren parte hartzean oinarritutako jai programazioa antolatu dute aurten ere Iurretan; gazte, pilotari, txirrindulari, bertsolari, aisialdi taldeko, motorzale, zein herri-kirol-zaleek pentsatu eta antolatutakoa. Donien-Atxa altxatuta irailaren 28an jaiei \"hasiera ofiziala\" eman aurretik, eta urriren 3ra arte beste hainbat ekitaldi izango dira kalean eta plazan herrian jai-giroa zabaltzen. Aurkezpenean azaldu dutenez, 62.000 euroko aurrekontua dute aurtengo jaiek; erdia finantzatuko dute udalaren diru-laguntzagaz.