Meltxor Unzueta: "Orain hartutako neurriak duela sei urte hartuta, lankidea ez zen hilda egongo"

Anboto 2010ko ira. 10a, 10:00

Joan zen barikuan 39 urteko lankide bat lan istripuan hil zen, edukiontzi batzuek harrapatuta. LABek sarritan salatu du enpresa honetako lan erritmoa.

Lur jota ekin diote lanari Iurretako Euskal Kataforesis (EKT) enpresan. Joan zen barikuan 39 urteko lankide bat lan istripuan hil zen, edukiontzi batzuek harrapatuta. LABek sarritan salatu du enpresa honetako lan erritmoa. Meltxor Unzueta sindikatu horretako delegatuak argi dauka heriotzaren arrazoia zein izan den. LABek abenduan zergatik jarri zuen salaketa lan ikuskaritzan? Aurreko urtean bost lagun kaleratu zituzten, eta lagun gutxiagogaz lan berdina egiten gabiltza. Lan erritmo horren aurrean Lan Ikuskaritzan zer baldintzatan gabiltzan lanean ikusi dezaten, salaketa jarri genuen. Lan Ikuskaritzak zer erantzun zuen? Ez dagoenez egite edo ez egite bat, ez dagoela inkunplimendurik. Salatutako gaian ez da sartzen. Lan erritmoei ez die aipamenik egiten. Prebentziorako komite bat dago, LAB, ELA eta UGTrekin. Beste bi sindikatuetako ordezkariek ez dutenez salaketa jarri, bertan behera utzi du. Enpresaren aurrean ere kexatu izan zarete ? Orain sei urte erreleboko langileen sinadurak jasota joan nintzen zuzendaritzara, pertsona bat gutxiago genuelako erreleboan. Begiratuko zutela esaten zuten, baina ardura batak besteari bota zion. Enpresa Komiteko batzarretan salatu nuen egoera. Gainera, beteranook limitera gabiltza; esperientzia dugu katean, eta berriak datozenean zaindu egin behar dugu euren lana. Aurretik ere, gomendio batzuk egin zituen Osalanek. Osalanek 2006an gomendio batzuk jakitera eman zituen. Laneko istripuen indizea altua zela adierazi zuen, eta gaixotasun profesionalena ere bai. Enpresak neurri batzuk hartu behar zituela esan zuen. Zelan gertatu zen istripua? Istripua prekarietateagatik gertatu da. Femistek kutxa bat eraman behar dute segurtasun neurriengatik, baina lan handia dago eta gehiago hartu behar dituzte. Presaka ibiltzen dira, aurrera eta atzera, lana betetzeko. Horretan zebiltzala, beste aldera jauzi ziren kutxak eta langilea harrapatu zuen. Gertatutakoaren zer irakurketa egiten duzu? Erantzukizunak topatu beharrean konplizitateak daude hemen. Lan Ikuskaritza, enpresaren zuzendaritza kasurik ez egitearren, langile batzuk insumisio edo sumisioagatik. Kaleratzeak, baliaezintasunak eta heriotza dira laburpena. Egoera aldatu egin da istripua eta gero? Behargin bat gehiago jarri dute orain katean, baina hori bagenuen orain urte batzuk. Lehenago piezak eskasagoak ziren, baina orain lan erritmoa handiagoa da. Pertsona hori orain sei urte jarri balute, lankidea ez zen hilda egongo. Orain femista bi daude, baina lehenago beste langile bat zegoen. Enpresakoek susto handia hartu dute, baina guk handiagoa. Kaleratzeak egon ziren orain bi urte enpresan. Bai, 2008an 54 langile genbiltzan lanean. Lan-erregulazio espedientea jarri gura zuten. Aurreko egunean 9 langile kalera bota zituzten. Atoan konturatu nintzen zergatik. Ratio ekonomiko eta finantzarioak aurkeztu behar dira 50 langiletik gorako enpresetan EREa jartzeko. Datu horiek aurkeztu behar izan zituzten, eta EREa atzera bota zuten. Enpresak irabazi handiak zituen. Kaleratzeak negoziatu zituzten enpresa ekonomikoki oso ondo zegoela ikusi zutelako, eta 20 egun beharrean 45 egun kobratu zituzten lan egindako urte bakoitzarengatik. Guk ez dugu kaleratzerik negoziatzen. Pertsonalki, zelan bizi duzue langileok egoera? Langileak jo eta haustuta gaude. Femista txarto pasatzen dabil, eta gogoan izan nahiko nuke. Banekien neska asko estimatzen genuela, baina ez nekien hainbeste maite genuenik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!