Barikuan langile bat hil zen Arriandiko poligonoan dagoen EKT Euskal Kataforesis enpresan. Sindikatuak eta langileak astelehen eguerdian kontzentratu ziren ezbeharra salatzeko eta lan badintza duinak eskatzeko.
Astelehenean, (irailak 6), sindikatuek eta EKT enpresako langileek orduerdiko kontzentrazioa egin zuten (12:00etatik 12:30era) EKT enpresaren aurrean. Barikuan emakume bat hil zen enpresa horretan kontenedore bi garraiatzen zebilen lagun bati kontenedoreak erori eta emakumeari gainera erori zitzaizkionean. Enpresan ordezkaritza duten sindikatu guztiek ezberhar hori enpresak ezarritako \"lan erritmo exigenteegiaren\" ondorioz gertatu dela salatu dute.
Hildakoa areatzarra zen, alaba bat zuen eta ELAko afiliatua zen. Sindikatu horren Bizkaiko lan osasunerako arduraduna den Leire Herediak gogoratu duenez, \"enpresa komiteak sarritan salatu du zuzendaritzan langileak baldintza desegokietan zebiltzala\". Hala ere, \"enpresaren aldetik ez dugu ezelango erantzunik jaso eta emakumearen senitartekoek jakinarazi digutenez, familiak ere ez du ezelango babesik jaso\". Holango ezbeharren aurrean administrazioek eta enpresek \"beste alde batera begiratzen dute\" Herediaren ustez: \"Enpresek etekin ekonomikoa bilatzen dute eta administrazioak enpresekin bat egin eta ez dute erantzunik ematen\".
LAB-eko Durangaldeko metal arloko arduradun Marieli Urriolabeitiak ere administrazioei enpresetan \"esku hartzeko\" exigitu die: \"Gertatutakoek zoritxarrez ez du atzera bueltarik, baina bihar ezin dugu jokatu ezer gertatu ez balitz legez\". \"Krisiaren ondorioz sakrifizioak eskatzen dituzte langileen partetik, aitzakia hori erabiltzen dute, eta langile bat hiltzen bada zorte txarra dela esaten dute\". Baina \"ez da zorte txarra; enpresaren eta administrazioaren errua da\".
\"Administrazioa konplizea da\"
\"Langileen baldintza txarrak\" ikusita LAB sindikatuak salaketa bat sartu zuen iazko abenduan laneko eta gizarte-segurantzako ikuskatzaileari arazoan esku hartzeko eskatuz. Urtarrilaren 27ko erantzunaren arabera, infrakzio akta egiteko \"denuntziatuak lege-mailako xedapenen aurkako ekintzak egin behar izan ditu eta aurkeztutako idatziak ez du ildo horretako aipamenak jasotzen\". Horrez gainera, idatzia ez duela \"enpresa komiteko gehiengoak sinatu\" azaltzen du. LABek ordezkari bat du enpresa komitean; ELAk eta UGTk bina. Urriolabeitiak erantzun hori \"oso grabetzat\" jo du, administarzioaren aldetik \"pasibitateaz gainera konplizitatea ere\" erakusten duelako.
UGTko Durangaldeko arduradun Mauricio Garciak ere enpresak langileei ezarritako \"lan erritmoa biziegia\" salatu du eta UGTk abenduan enpresako gerentziari horren aurrean neurriak hartzeko eskatu ziela gogoratu du, \"baina ez dugu ezelango erantzunik jaso\".
Kontzentrazioan CCOOeko ordezkariak ere egon ziren, nahiz eta EKT enpresen ez duten ordezkaritzarik.
[img]http://www.anboto.org/images/8000/8085/1.jpg[/img]
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!