Alderdi guztiek aho batez onartu dute genero indarkeria kasuetan zelan jardun zehazten duen protokoloa udalean.
Alderdi guztiek aho batez onartu dute genero indarkeria kasuetan zelan jardun zehazten duen protokoloa udalean. Iñaki Totorikaguena alkatearen berbetan jaso dugunez, \"lehenago ere egiten zena paperean ipintzea da egin duguna\", ahozko jardunbidea idatziz jasotzea. Iurretako Udaltzaingoak eta Durangoko Ertzain etxeak, bakoitzak izango dituen funtzioak zehazten ditu udaletxean onartu duten, eta martxoan prestatzeari ekin zioten protokoloak.
Baliabideak optimizatzea da, udalean azaldu dutenez koordinazio protokoloaren funtsa, eta polizia biek genero indarkeria kasuei buruz daukaten informazio guztia elkartrukatzea helburua: genero indarkeria kasu baten aurrean, biktimari informazio guztia emateko ardura udaltzaingoarena, eta ondorengo diligentzia zein salaketak egitea Ertzaintzara ardura izango dela, idatziz jasotzen du protokoloak.
Biktimari \"kalitatezko tratua emateko\", aipatu digu Totorikaguena alkateak, protokolo hau onartu ostean beste erronka bat ere baduela udaltzaingoak: genero indarkeria kasuei profesionaltasun eta gizatasun osoz aurre egiteko, langileen prestakuntzan jardutea da etorkizunerako egitekoetako bat.