EAJko zinegotzi bat falta izan zen joan zen barikuko udalbatzarrean, eta Iñaki Totorikaguenaren kalitatezko botuagaz onartu zuten udal baratzen erabilera arautzen duen ordenantza. Jeltzaleek eta Ezker Batuko zinegotziak alde, eta PSE eta PPko ordezkariek proposamenaren kontra bozkatu zuten.
EAJko zinegotzi bat falta izan zen joan zen barikuko udalbatzarrean, eta Iñaki Totorikaguenaren kalitatezko botuagaz onartu zuten udal baratzen erabilera arautzen duen ordenantza. Jeltzaleek eta Ezker Batuko zinegotziak alde, eta PSE eta PPko ordezkariek proposamenaren kontra bozkatu zuten.
Urkiola Landa Garapena elkartegaz bat eginda, hala eskatzen duten herritarrei esleituko dizkieten udal baratzak martxan ipintzeko helburua duten Durangaldeko herrietan lehena da ordenantza onartzen Iurreta.
Aisialdiko udal baratzen erabilera zuzenduko duten arauak dira barikuan onartutako ordenantzak zehazten dituenak; besteak beste, udalak izango dituen eskumen eta betebeharrak, baratzak jorratzeko zein tresneria erabili ahalko den, azpiegituraren mantenuari eta erabilerari dagozkion hainbat irizpide, uraren edo baratzean sortutako hondakinen tratamendua zelakoa izan beharko den (baratzean sortutako hondakin organikoak berrerabiltzeko konpostajerako baliabideak ipiniko dituzte), eta udal baratzetan ekoizten direnak produktu ekologikoak beharko dutela izan zehazten da araudian.
Udal baratzak atontzeko obra zibila (tresneria gordetzeko eraikina, hesia, etab.) ia amaituta dagoela aipatu digu asteon Totorikaguena alkateak, eta hil honen amaieran edo abuztu hasieran bukatuta egongo dela aurreikusten duela udalak. Irailean egingo du ortuen esleipenari dagokion prozedimendua udalak, eta urrirako prest egotea ortuak.
Monitorea
Udal ortuko azpiegituren kontrola eta kudeaketa bere ardurakoak izango dituen monitore baten figura ere aurreikusten du joan zen barikuan udalean onartu zuten ordenantzak, eta arduradun horren egitekoak ere zehazten ditu araudiak. Alkatearen berbetan, \"langabezian daudenei, adinekoei, eta gizarte-bazterketa bizi dutenei ortuetan bildutako produktuekin euren burua hornitzeko\" oinarrizko laguntza eta ezagutza eskaintzea izango du monitoreak. Guztira 40 sail inguru egokituko ditu Itur-Buru inguruan udalak, herritarrek ortuariak lantzeko aukera izan dezaten.