Lehenengo gestora omendu dute desanexioaren 20. urteurrenean

Anboto 2010ko mai. 26a, 17:47

Dozenaka herritar batu ziren martitzenean udaletxe aurrean, Iurretak udalerri izaera berreskuratu zuenetik 20 urte pasa direla gogoratzeko ekitaldian. Herriko zinegotziak eta Durangoko hainbat ordezkari izan ziren bertan; Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak ere parte hartu zuen.

Iñaki Totorikaguena alkatea izan zen lehena berba hartzen. Iurreta, "ilusioz eta gogoz etorkizunari begira dagoen herria" dela azpimarratu zuen. Atzera begiratuz, "lehenengo gestorako kideak omendu" gura izan zituen, baita "une hau heldu ahal izateko, aurreko urteetan lanean aritutako jende guztia". Udala eratu ondorengo zinegotzi guztiak eta lehen alkatea ere oroitu zituen. Ana Madariagaren txanda heldu zen gero. Udalerri burujabe izatearen 20. urteurrenera gonbidatzea eskertu zuen, eta zera gaineratu: "egia esan, ez zuen zertan galdu behar izaera hori 1926an".

Omenduak

Jose Martin Etxebarria, Bernardo Mardaras, Fernando Uribe, Nerea Albizuri, Aitor Astigarraga, Mikel Sopelana, Anton Mari Aldekoa-Otalora, Mari Carmen Muñoz, Marian Muñoz, Mauricio García, Isidro Gorrotxategi, Jose María Duñabeitia eta Jose Miguel Ortuzar jendaurrera irten eta oroigarri bana emanda omendu zituzten. Aldekoa-Otalora mikrofonora hurreratu, eta adierazi zuen "1926an, legalidad vigenteagaz anexionatu zutela Iurreta Durangora, eta azken urteotako legalidad vigenteagaz ere, zinegotzi izan beharko luketen batzuk udaletxetik kanpo" daudela. Baina, "pozten direla Batasuneko ilegalok" ekitaldira gonbidatuak izan zirelako. Euren oparia "zinegotzi ilegalei" eskaini zien. Mikel Deuna abesbatzak eta dantza taldeak saio bana eskaini zuten hizlarien artean. Gero, Gerediagako Jon Irazabalek berbaldia eskaini zuen desanexioaren historia azalduz. Ekitaldia luntxagaz amaitu zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!