Bizkaiko Aldundiaren suhiltzaile-etxeen foru sareko parkerik handiena da Iurretan gaur goizean inauguratu dutena. Besteren artean, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusia, eta Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea izan dira inaugurazio ekitaldian.
Parkeko 53 suhiltzaileek hiru aste lanean daramatzate Iurretako parkean, baina komunikabideentzako Bizkaiko suhiltzaile parkean (20.129 metro karratuko azalera du guztira) zeharreko bisita eta sute baten simulazioa gaur egin dituzte.
Inaugurazio ekitaldian Bilbao Ahaldun Nagusiak azpimarratu duenez, teknologia berrienak biltzen ditu Iurretako parke berriak. Ibilgailuentzako garajeak, idazkaritza, zein suhiltzaileen mantenimendu fisikorako gimnasio guneak dituzte eraikinaren beheko solairuan, eta langilean zaintzan daudenerako logela zein jantokiak dituzte eraikinaren goiko solairuan. Bestalde, entrenamendurako zein maniobra bereziak egiteko patioa eta eraikin bat ere badago Iurretako parkean.
Hamabi herritako larrialdiei zein Bizkaian gertatu litezkeenei erantzuteko, Iurretako suhiltzaile \"parke berriak daukan kokapen estrategikoa\" azpimarratu dute Aldundiaren ordezkariek aurkezpenean, \"A8 autopistaren ondoan dagoelako\". Larrialdiei erantzuteko irteerak egiteko bestalde, 10 ibilgailu dituzte Iurretan.
Elkarretaratzea
Suhiltzaileen parkearen kanpoaldean, ELA, LAB, CCOO, UGT, CSIF-LSB eta USO sindikatuek apirilaren 29rako Bilbo deitu duen kontzentraziorako deia egin, eta \"sinatutako akordioak errespetatu eta enplegu suntsiketarik ez\" egitea aldarrikatuz egon dira parkearen kanpoaldean. Suhiltzaile etxeetan \"dagozkien langileen zenbatekoak errespetatzea\" aldarrikatu dute inaugurazio ekitaldiak iraun duen bitartean kontzentratutakoek: \"zerbitzuak itxi, ordezkapenak murrizten eta akordioak betetzen ez direnean, suhiltzaile parkeetan ospakizunak egitea ez dugu ulertzen\", salatuz.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!