Idi probetan eta asto probetan hamaika saio egindakoa da Jose Rementeria \"Gazte\". Denetara, 100 sari baino gehiago irabazi ditu, eta probetan parte hartzeko afizio horregaz jarraitzen du.
Idi probetan eta asto probetan hamaika saio egindakoa da Jose Rementeria \"Gazte\". Denetara, 100 sari baino gehiago irabazi ditu, eta probetan parte hartzeko afizio horregaz jarraitzen du.
[imgd]http://www.anboto.org/images/7400/7452/1.jpg[/imgd] Noiz hasi zinen probetan parte hartzen?
Orain 30 urte bat hasi nintzen, eta 1992 inguruan denak irabazten nituen. Trofeoak ehun baino gehiago dauzkat. Gero jendea horretarakoxe prestatzen ere hasi zen. Nik afizioagatik jarraitzen dut. Honegaz ez da diru askorik ateratzen. Eurei pentsua emateko lain ateratzen baduzu ondo, baina ez pentsatu! Hau afizioa da. Hor Ziriako ibiltzen da saioak aurkezten, eta hark esaten dit: \"Heuk bai milioi handiak!\". Ezer ez da azkenerako, baina. Lagun batzuekin afaria eginez gero, akabatuta.
Beti izan dituzue idiak eta astoak baserrian?
Bai. Astoak lehenengo etxean erabiltzen genituen, eta gero probetarako bakarrik. Lehen soloetan egiten zuten hauek entrenamendu naturala. Orain batzuek probetarako entrenamendu asko egiten dituzte. Gazte batzuek jo ere egiten diete. Probetan geroago eta pisu gehiago eraman behar dute. Gero karreretan eta futbolean moduan dopinga-eta izaten da.
Zer duzu gurago, astoak ala idiak?
Idiak gurago; nobleagoak dira. Asto batek ia hil ninduen ni. Grabe egon nintzen. Landan harrapatuta belarriak eta besoa eta… ia dena kendu zidan. Lobari erregalatu zioten astoa, eta Cuencatik ekarri genuen txikia zela. Niri beti erasotzen zidan, eta besteei bati ere ez. Nik egundo hari makilkada bat ere ez nion eman. Baina halako batean, urtarrileko egun batean, urruneko landa batean nengoen bakar-bakarrik. Niri segika ibili zen egun hartan ere. Halako batean zirkin batzuk sasitzara botatzeko makurtu nintzen, eta karreran etorrita salto egin zidan. Eskerrak negua zela, eta alkandora eta txaketa neuzkala! Belarrian ere haginka egin zidan, eta saihetsetan kolpe handia eman zidan. Astoak zuhurrak dira, eta kontuz ibili behar da.
Dominatzen gaitzak dira orduan?
Ez, ondo tratatzen badituzu nobleak dira. Asto hura militar batzuk emanikoa zen. Handik denbora batera etorri zen saltzailea, eta zer pasatu zen kontatzerakoan esan zigun Extremaduran-eta han inguruetan zaintzaile moduan edukitzen dituztela astoak. Arraza berezikoa zen, zaintzaile lanetan egoteko modukoa.
Zelan entrenatzen dituzu idiak eta astoak?
Errobera atzean ipini, norbera aurrean, eta di-da ibiltzen naiz. Lehenago soloan beharrean entrenatzen zuten, baina orain ez dute kolperik ere jotzen. Ekologistak etorri izan zaizkigu esaten txarto tratatzen ditugula, baina esfortzua ez da hain handia. Probak ordu erdi-edo irauten du. Eurentzako hori ez da lana. Lehenago soloan beharra egiten zutenean goiz dena egoten ziren beharrean, eta orduan mantso egoten ziren, belarriak apalduta. Astoak eurak ere eskailerapean lotuta egoten ziren, sobrak jaten. Orain hobeto bizi dira.
Lehengoagaz konparaziorik ere ez, orduan…
Ni probetan hasi nintzenean soloan ere egiten zuten lan astoek eta idiek. Esne-saltzaileek erabiltzen zituzten, belarra eroateko ere eurekin ibiltzen ginen… baina orain dena da makina. Joan zen urtean Arabako Aldundiak antolatuta lehengo erara idiekin mendi batetik bajatu ginen. Armozua ere ekarri ziguten bidera, lehen egiten zuten erara.
Anekdotak asko edukiko dituzu proben inguruan...
2001-2004 inguruan asto ona eduki nuen. 500.000 pezetan saldu nuen. Erosi zidanak esan zidan bere zaharra ea zenbaten erosiko nion. 150.000 pezeta eskaini nizkion. Azkenean, 350.000 ordaindu zizkidan asto onagatik, eta ni asto zaharragaz geratu nintzen. Hurrengo probetan nik lehenengo egin nuen, eta berak azken!