Karmelo Etxenagusia oroituko dute zapatuan

Anboto 2010ko api. 21a, 09:57

Gerediaga elkarteak eta Iurretako udalak Karmelo Etxenagusia eta bere lana oroitzeko ekitaldia egingo dute, Euskaltzaindia, Labayru ikastegia, Bilboko Gotzaintza, eta Iurretako kofradien laguntzagaz.

2010eko Euskaltzale egunaren baitan, Gerediaga elkarteak eta Iurretako udalak Karmelo Etxenagusia eta bere lana oroitzeko ekitaldia egingo dute, Euskaltzaindia, Labayru ikastegia, Bilboko Gotzaintza, eta Iurretako kofradien laguntzagaz. Ibarretxe Kultur Etxean eguerdiko 12:00etan egingo den ekitaldi honetan, Adolfo Arejita (Euskaltzaindia), Igone Etxebarria (Labayru) eta Angel Mari Unzuetak egingo dute berba. Hitzaldiok, Bilboko gotzain laguntzaile izan zenaren lanen ingurukoak izango dira; euskara eta euskal kulturaren alde egindako lanak. Iurretako dantzariek eta parrokiako abesbatzak ere saio berezia burutuko dute. Euskaltzale egunarekin, Gerediaga elkarteak \"Durangaldeko emakume eta gizonek euskararen alde egindako lanak ezagutzera eman nahi ditu\". Prentsa oharrean diotenez, \"askotan isildutakoak eta gutxitan ezagunak diren lanak\". [imgd]http://www.anboto.org/images/7400/7436/1.jpg[/imgd]

Ibilbide luzekoa

Lan ugari eta errekonozimendu asko jasotakoa izan zen Etxenagusia. Iurretan jaio zen, 1932ko apirilaren 24ean Ertzilbengoa baserrian eta Bilbon hil zen 2008ko azaroaren 6an. Euskaltzaindiako kide izan zen, 1965an euskaltzain urgazle izendtau zuten, eta 1998an ohorezko akademiko. Euskara batuaren oinarriak erabaki ziren batzarrean partu hartu zuen Arantzazun, 1968an. Liburu eta artikulu asko idatzi zituen: tartean, euskal literaturaren bost antologia, esate baterako. 1995eko irailaren 8an gotzain laguntzaile izendatua, gotzain izendatu zuten urte bereko azaroaren 9an.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!