Osasun Zentroa zabaltzeko lanak uda ostean hasiko ditu Osakidetzak

Anboto 2010ko api. 16a, 09:34

Mediku berriak kontsulta pasatu dezan lekua, eta pediatria sailaren kokapena egokitzera bideratuko dute irabaziko den espazioa.

Orain urtebetetik Iurretako anbulategian lanaldi erdiz diharduen mediku berriaren etorreraren ondorioz anbulategia txiki geratu dela-eta, handitze-lanak burutuko dituzte, asteon azaldu dutenez. Mediku berriak kontsulta pasatu dezan lekua, eta pediatria sailaren kokapena egokitzera bideratuko dute irabaziko den espazioa. Pediatria zerbitzuan, besteak beste, egongela berri bat atonduko dute handitzeagaz. Bestetik, barruko zerbitzurako, anbulategiko langileentzako egongela bat eta liburutegi txiki bat egokitzeko helburuagaz ere egingo dituzte anbulategiko lanak. Osasun Zentrotik bertatik egindako eskaria izan zen anbulategiaren aldameneko lokala osasun zerbitzuari ematea, Iñaki Totorikaguena alkateak jakin eragin digunez. Espazio gehikuntza 80 metro karratukoa izango dela aurreratu digu alkateak. Obren ondoren, \"340 metro karratu inguru izango dira erabilgarri\", azpimarratu du Totorikaguenak. Anbulategi ondoko lokala laga du Udalak, eta Eusko Jaurlaritza eta Osakidetzaren ardura izango dira beharrak. Aurreikuspenen arabera, uda aurretik hasiko dira anbulategi aldamenean lanean.

Etorkizunera begira

Uda aurretxoan ekingo diete anbulategia zabaltzeko lanei, eta etorkizun hurbilari buruz galdetu gura izan diogu Totorikaguena alkateari: handitze lan hauek egin arren espazioa txiki geratzen denerako beste kokalekuren bat aztertu ote duten itaundu diogu. Herria eten barik haziko dela, eta bost edo sei urte barru azterketa bat egin beharko dela aurreratu digu Totorikaguena jeltzaleak: Padureta ingurua izan ei liteke, adibidez, leku aproposa, eta Udalaren helburua anbulategia herrigunean kokatzea litzatekeela aurreratu digu.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!