Urtarrilaren 20an Bizkaiko Batzar Nagusietan PSE, PP, EB eta Talde Mistoak onartutako proposamena ekarri zuen PPko Cipriano Ramos zinegotziak.
Urtarrilaren 20an Bizkaiko Batzar Nagusietan PSE, PP, EB eta Talde Mistoak onartutako proposamena ekarri zuen PPko Cipriano Ramos zinegotziak. A-8 autobidearen peajeak itzultzeko eskatzen dute mozioagaz bat egin duten Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkarien gehiengoak, eta Iurretako Udalaren aldeko jarrera gura izan zuen PPk udalbatzarrean batu.
2009ko otsailean \"A8 autobidea kudeatzeko arauaren baliobakotasuna adierazi zuen sententzia\" aintzat hartu eta errepidea erabiltzeagatik urteetan ordaindu behar izan dutena erabiltzaileei bueltatzeko formulak bilatzea eskatu zioten EB, PSE, PP eta Talde Mistoak, Batzar Nagusietan, Bizkaiko Foru Aldundiari.
Gaia Udalean baino Batzar Nagusietan landu beharrekoa dela pentsatzen dutela adierazi arren, alde bozkatu zuten Iurretako osoko bilkuran PSEk eta EBk. \"Herritarrei eragindako kalteak ordaintzeko beharra\" nabarmendu zuen zinegotzi sozialistak.
EAJko zinegotziak, kontra
Bizkaiko Batzar Nagusietan legez Iurretako Udalean ere alde bozkatu zuten sozialistek, Alderdi Popularrak eta Ezker Batuak. Udal Gobernuan dagoen EAJk, baina, kontrako mozioaren kontra bozkatu zuen. Bost aldeko boto eta jeltzaleen kontrako bosten berdinketa alkatearen kalitateko botoak apurtu zuen. Totorikaguena alkateak azpimarratu zuenez, \"autobidearen arau berriaren idazketa prozesua martxan dagoela ez deritzogu arrazoirik dagoenik mozio hau aurkezteko\". Mozioan aipatzen den sententziak Aldundiaren araudia ez duela zalantzan jartzen ere aipatu zuen.