Astelehenetik aurrera, Bidebarrieta kaleko 5. zenbakian egongo dira Bake epaitegia eta Erregistro Orokorra. Irailaren erdian Udaltzaingoarekin eta Diru-bilketa Sailarekin ireki zuten eraikin berria.
Astelehenetik aurrera, Bidebarrieta kaleko 5. zenbakian egongo dira Bake Epaitegia eta Erregistro Orokorra. Irailaren erdian Udaltzaingoagaz eta Diru-bilketa Sailagaz ireki zuten eraikin berria, eta orain, aipatutako sail biak hantxe egokituta, udaletxea \"arintzeko\" eta \"herritargoagaz hartu-emona duten hainbat zerbitzu gerturatzeko\" asmoa osatu dute, Iñaki Totorikaguena alkateak adierazi duenez.
Bake Epaitegia eta Erregistro Orokorra Bidebarrietan egokitutako lokalean zabaltzeak langile bi tokiz aldatzea ekarriko du, sail bakoitzeko bana. Bake epaitegiak, besteak beste, epaitegitik heltzen diren notifikazioak gestionatzen ditu. Hala ere, erregistro orokorrarena da herritarrek gehien nabarmenduko duten aldaketa. Izan ere, hantxe kudeatzen dira ziurtagiriak, dokumentuen sarrerak eta irteerak, erroldak… Eguneroko jardueran herritarrekin hartu-eman zuzena izan du erregistro orokorrak.
Irailaren erditik hona joan diren ia lau hileetan eraikin berriak eta han burututako gestioek \"harrera ona\" izan dutela dio Totorikaguenak: \"Lehen baino jende gehiago joaten dela igartzen da, hurrago, eskurago dagoelako. Horixe zen helburua, hain zuzen ere. Bake Epaitegiagaz eta Erregistro Orokorragaz berdin gertatuko dela itxaroten dogu\". Bake Erregistroko eta Erregistro Orokorreko langile biekin batera, bost udaltzainek eta zerga-bilketarako lagun batek ere hantxe lan egiten dute.