Hirigintza Sailean hiru lanpostu berri sortuko dituzte

Anboto 2010ko urt. 8a, 08:49

Etxebizitza berriek biztanleria handituko dute, eta ordurako antolaketa sendotua bermatu nahi dute

Iurretan etxebizitza eta industria alorreko hainbat proiektu martxan daude. Ondorioz, alor horretan Udalean egin beharreko gestioak eta herritarrei eskaini beharreko zerbitzuak gehitu dira, eta gehiago haziko dira etorkizunean. Horiek horrela, Hirigintza Saila indartzeko, Udaleko lanpostu-zerrendaren modifikazioa onartu zuten abenduko udalbatzarrean, sail horretan hiru lanpostu berri sortuz. Esaterako, etxebizitza proiektuak gauzatzen doazen heinean —bost-sei urtean—, Iurreta 3.900 biztanletik 6.000ra haziko dela aurreikusi dute. Iazko irailean adostu zuten Udaleko jarduera azaldutako ildoetan antolatuko zuen organigrama berria. Besteak beste, hor jasotzen diren hiru lanpostuak honako hauek dira: Kudeaketa orokorrerako teknikari bi —hirigintza alorreko gestio eta antolaketaz eta obra zein lizentzietaz arduratuko direnak— eta goi-mailako industria ingeniaria. Hiru lanpostuak lan eskaintza publikoan ipiniko dituzte laster. Organigraman jasotako beste lanpostuak ere osatzen joateko asmoa erakutsi dute, \"prekarietate laboralari aurre eginez, langileak euren postuetan egonkortzeko asmoz\", udal arduradunen arabera. Bestalde, Maiztegi herri eskolan orain hutsik dauden peoi eta atezain lanpostuak ere banatzeko asmoa erakutsi dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!