AUPI, haur-protesi erabiltzaileen elkarteko Euskal Herriko eta inguruko 10 familia batuko dira, domekan, urriaren 4an, 11:30ean. Urtean behin edo birritan batu ohi dira, Iurretan, oraingoan, Durangoko Jubilatuen Egoitzako gela baten egin arren hitzordua. Bazkaltzeko Iurretan batuko dira. Euskal Herrian 15 familia dira kide.
Alaba elkarteko kide daukan Unai Viscarret iurretarrak azaldu duenez AUPIko —beso edo hanketan anputazino edo malformazinoak daukiezen hiru eta hamar urte bitarteko umeak batzen ditu, batez ere, normalean protesiak erabiltzen dituztenak— partaideak elkar ezagutzea eta familia berrien berri izatea dute helburua: “Baita egunerokoan, gure seme-alaben hezkuntza eta protesietara egokitze-prozesuan gertatutako gaietaz esperientziak trukatzea ere”.