Etxe barria du dagoeneko Udaltzaingoak. Eguaztenetik, Bidebarrietan egokitutako eraikinean daude udaltzainak; baita zerga-bilketarako zerbitzua ere. Horretara, Udaletxea “arindu” ez eze, “herritargoarekin hartu-emana duten hainbat zerbitzu gerturatu” gura izan du Udalak.
Horrela azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak, eta herrigunea “indarberritzen” lagunduko duela horrek. Udalak “motore” lan horrekin jarraitu dezan “begientzat erakargarria” den eraikina egin gura izan dute: “Inor epel utziko ez duena”.
“Funtzionala” eta “deigarria”
Eraikina eskuratu eta atontzeko 600.000 bat euro erabili dituzte. Oraingoz, bost udaltzainek eta zerga-bilketarako lagun batek jardungo dute 210 metro koadroko egoitzan, hala ere, “laster” erregistroa eta bake-epaitegia ere eroango dituzte, alkateak esan duenez. Eraikin “funtzionala” sortu gura dute Aitor Martinez de Zuazo arkitektoaren berbatan, baina, “deigarria” eta “modernoa” ere bai, “herria aurrera doan seinale”.