Antzinako antolaketa eredua, oraindik bizirik

Anboto 2009ko ira. 11a, 10:35

Iraileko bigarren domeka Kofradi Eguna izan ohi da Iurretan. Aspaldiko antolaketa eredua den kofradia, errealitatea da oraindik herrian. Sei Kofradien Batzar Orokorra da eguneko zita nagusia; horren bueltan ekitaldiz beteriko jaia eratzen da. Aurten, XXXVI. edizioa ospatuko da Laixiar Zelain.

Iurretako herria zerbaitegatik berezia bada, ohitura zaharrak mantentzeko egindako lanagatik da. Historia korapilatsua da herria honena: hainbat urtean Durangoren menpe egon zen, esaterako. Dena dela, nortasuna eta herriko kultura pisu handiko faktoreak dira bere ibilbidean; baita gaur egun ere. Kofradiak dira horren adibide. Atzeragoko mendeetako egitura administratibo horiek bizirik segitzen dute, nahiz eta funtzionamendua moldatuta egon.

Azterketa historikoen arabera, XIII. mendetik datoz kofradien inguruko lehenengo berriak. Baserri-auzoetako beharrizanei erantzuteko sortu zen lehenengo egitura politiko-ekonomikoa da kofradia, anai arteko bilkura adierazten du latinez. Urteetan aurrera eginda, kristautasuna sartzen joan zen Durangaldean, eta kofradiak ermita edo baselizen inguruan antolatzen hasi ziren. Bilkurak be bertan egin ohi ziren. Sasoi haretan lur gehiena publikoa zen, eta hain justu, lur publikoen ugazaba zen kofradia. Jendarte hartarako oso garrantzitsua zen basoa, bizimoduko makina bat hornigai ateratzen zirelako: ganaduarentzako belarra, azpigaiak eta jaki garrantzitsuak; gaztainak kasurako.

Lurraldea antolatu eta hartu-emon sozialen espazioa zen, biztanleen eskubide ate betebeharrak definituz, auzolana bideratuz... Kofradiek ezin bazuten arazo jakinen bat konpondu, elkarrekin batzen ziren, Elizateak sortuz.

Mendeetan honantza eginez, baina, kofradiek pribatizazio prozesua igaro zuten, eta XIX. menderako errealitate marjinalak ziren kasik. Gainera, gerrateek pobrezia ekarri zuten, eta ordurako sortutako zeuden udalek azken lurrak jauntxoei saldu zizkieten. Iurreta izan zen salbuespena, Udalak kofradiei saldu zizkien-eta 1858an. Elordui, Urbitarte, Larratxu, Laixiar Zelai, Atxmokil, Keizaga Txikia eta Keizaga Nagusia izeneko basoak sei kofradien esku geratu ziren, bakoitzari bat emanez.

Durangogaz arazoak

1926an Iurreta Durangoren eskuetan geratu zen, herritarren gehiengoa ados egon ez arren. Industrializazioaren ondorioz, Durango lurrik barik geratzen zebilen, eta menpean hartu zuen Iurreta.

1955ean, Durangoko agintariek kofradietako lurrak eskatu zitueen,  euren eritziz“abandonatuta” zegozelako. Iurretarrak, eskriturak eskuan, kexatu egin ziren, eta gatazkak 1973a arte iraun eban. Azkenean, Durangok iraganeko legea onartu eban, eta 1975ean etapa barria hasi eben kofradiek.

Gaur egungo egoera

Askorentzat, Iurreta Durango alboko herrigunea baino ez da, baina bere lur zabalean auzo ugari hedatzen da. Kofradiek, denborarekin funtzio asko galdu arren, oraindino be badaukate eraginik auzoetan. Basoak zaintzeaz gainera, bertatik ateratako etekinak auzoetako beharretarako erabili izan dituzte: argiteria instalazioa, uren bideratzea, bidexken konponketa... Bestalde, auzolanak bizirik dirau horrela behar denean; suteak daudenean, esate baterako.

Pinuaren balioak behera egin  du, baina, eta horrekin batera geroa “zalantzaz beterik” ei dator. Etorkizuneko eskrituretan ikusiko dugu.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!