Itur-buru inguruan 15.000 metro koadro inguruko lursaila alokatzeko 10 urteko kontratua onartu berri du udalbatzarrak; Udalak gura duenean eten ahal izango du. Bertan, aisialdirako ortuak jarriko dituzte, eta egitasmo hori aurrera eroateko 150.000 euro gorde dituzte udal aurrekontuan.
Urkiola landa garapenerako elkarteak sustatutako ortu ludiko eta ekologikoak sortzeko proiektuan Iurretak ez eze beste bost herrik ere badihardute: Abadiñok, Atxondok, Berrizek, Elorriok eta Zaldibarrek.
Hasieran, 5.000 metro koadro erabiltzea aurreikusi dute, premien arabera zabaltzeko. EAJ eta EB-Berdeek bakarrik egin dute alde. Egitasmoaren kontra ez dagoela argitu ondoren, PSE-EEk “prozedimendu akatsa” egon dela salatu du: “Idatziz ez dugu egitasmoaren inongo berririk”. Eta 150.000 euro gordetzeari larregi deritzote, “beste batzuk 12.000 eurokin hasi dira”; lursaila arrendatzeko “presa” edo “premiarik” ez dute ikusten.
PPk ere ez deritzo “premiazko” eta “desordukoa” dela uste du “hobetzetik urrun, txarrera doan egoera ekonomiko honetan” diru hori bideratzea. Proiektua “interesgarria” izan arren, dirua beste gai “pisuzkoagoetarako” gordetzea eskatzen ei du egoerak.
“Onura soziala”
Egitasmoaren helburuen berri denek dutela dio EAJk, eta pausoak emateari garrantzitsua deritzote: “Egitasmoa eztabaidatuko dugu datorrenean, ohi denez”. Lurra eskuratu gura izan ei dute, gero premien arabera egitasmoa lantzeko. Proiektuaren “onura soziala” eta hainbat herritarren interesa nabarmendu dituzte.