Merkataritza erabilerarako azalera handitu, eta industria eta 3. sektoreko jardun-uneetako erabilera osagarriak egokitzeko arau subsidiarioen aldaketa onartu du, behin betiko, udalbatzarrak. Horrela, azalera erabilgarria 150 metro koadrotik 750 metro koadrora aldatu da.
“Legeak egokitu ahala betebehar berriak sortu dira —esaterako, irisgarritasunari dagokionez—, horren eraginez zehaztutako azalera txiki geratuz”, azaldu du Ainhoa Albizuri jarduneko alkateak. Horren aurrean, arauak egokitu gura izan dituzte, lokal berria jarri edo dagoena handitzeko aukera emanez.
Helburu nagusi bi izan ditu Udalak: batetik, bizitegi-lurzoruan, etxabe-komertzialetan eta lokaletan azalera txikiko merkataritza guneak jartzea edo handitzea bultzatzea, Albizurik gogoratu duenez komertzio eraikin independenteetan ere egokitu den arren araudia; bestetik, lurzoru urbanizagarrian —industriakoa, 3. sektorekoa zein erabilera orokorrekoa— edo hiri-lurzoruan, erabilera sozialerako zein atsegin hartzekorako dagoen hutsunea betetzea izan dute helburu.
Irizpideak “bateratzeko”
Azken horrekin lotuta, jarduneko alkatearen berbetan, “batez ere, industria poligono guztietako irizpideak erraztu eta bateratu” gura izan dituzte. Gaur egun, bakoitzak bere araudia dauka, sortu zireneko sasoiko legediaren arabera: “Esaterako, hainbatek kanpora jo behar du bazkaltzeko aukerarik ez dagoelako”.