Goiuria ikastolatik kulturgunera, fruituetatik hazi berriak ereiten

Anboto 2009ko uzt. 15a, 14:59

Urruxar bertso eskola eta Iurretako Txirrindulari Elkartea bertan sortu ziren, eta diktadura sasoian “euskal kulturari, euskarari eta herriko umeak euskaraz hezi eta garatzeko aukerari” ateak zabaldu zizkion Goiuria ikastola hartu zuen. Orain, “kultura, sormen eta irudimen esparru barria” izango den Goiuria kulturguneak hartu du lekukoa. Kultur, kirol eta elkarte sozialak elkartzeko lekua izango da.

Ikastola itxi zela 30 bat urte dira: “Klandestinitatean hasi ginen, La Cuadra tabernaren gainean, eta Zubiaurren alokatutako pisuan jardun ondoren, 10.000 pezetan erosi genuen gero lokala, geuk konpontzeko”, gogoratu du Prudencio Elorrietak. Hainbat trabari egin zioten aurre 25 bat gurasok, lehenengo ikasturte haretan 15 ume batuz. “Ez zegoen publizataterik egitea, ez genekien-eta noiz arte egotea izango zuten”, dio Kristina Mardarasek, gazteek ere kooperatiba hartan parte hartzea zutela nabarmenduz.

Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, eguneroko jarduna “aberastuko” du, “ikastola haren espiritua ahaztu barik, ereindako fruitu anitzei eutsi eta bideari jarraituz”. Hala ere, zenbait elkartek beraientzako leku egokia ez dela dio, Mikel Deuna dantza taldeak kasurako: “Espazio, ordutegi eta kokapenagatik”. Plazan gura ei dute lekua: “Entseguetarako onena da. Ezin dugu gora eta behera ibili”.

Arazoa biltegi falta da, alkatearen ustez: “Konpontzen saiatuko garen arren, oraingoz hau da dagoena, plazan ez daukagu ezer”; txirrindulari elkarteak eta Jai Batzordeak arazo bera ei dute. Elkarte guztiei zabalik dagoela “eta gabeziak egon arren ahal den neurrian erabiltzera” deitu du. Holan egingo dela uste du. Eskariak hilaren 20a arte egin litezke. Jabetzan emandako eraikina konpontzen 300.000 euro erabili ditu Udalak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!