Iurretako herrigunean enpresa berriak sortzea sustatu guran Enpresa-proiektuen I. Deialdia antolatu du Udalak. Batez ere, produktuan, ekoizpen-prozesuan edo eskainitako zerbitzuan “ideia berriak” erakarri gura dituzte, enplegua eta aberastasuna sortzen lagunduko dutenak eta bertako merkataritza birgaituko dutenak. Proiektuak irailaren 30a bitartean aurkeztu daitezke Udaletxean, eta irabazleak 12.000 euroko saria lortuko du.

Enpresa berriak sortzeko ekimenak sustatu gura dituzte, eta bidea erraztu norbere enpresa edo denda sortuz lanean hastea erabaki dutenei. Pertsona fisiko zein juridikoek parte hartu dezakete, proiektua herrigunean kokatzen bada eta hainbat arlo hartuko dituzte aintzat, “lotesleak” izan ez arren: sustatzailea bertan erroldatuta egotea, orijinaltasuna, kalitatea, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa, kalitatedun enplegu egonkorra sortzea, aukera berdintasuna sustatzea, teknologia erabiltzea... Durangaldeko Amankomunazgoko Enpresa Sorkuntza Sailaren bitartez laguntza bideratuko dute.
Obra eta jarduera lizentziak lortzean emango dute sariaren %20; proiektua gauzatzeko establezimendua zabaltzeko lizentzia ematean, %50. Gainerakoa, urtebetera. Iñaki Totorikaguena alkateak ekimenak harrera ona izatea itxaroten du, eta denboran jarraipena izatea: “Lokal hutsen sentsazioa desagertzea gura dugu, eta mugimendua sortu”.