Alkatearen berbetan, esku hartu gura dute: “Ez zigor-gogoz. Elkarbizitza arautu behar delako”. Orokorrean, 150 euro eta 15.000 euro arteko isunak batu dituzte. Arau-hauste oso larriak dira baldintzak ez betetzea edo arriskutsua izan daitekeen animalia kalean uztea; kakak oinezkoentzako gune baten uzteak 600 euroko isuna ekarri dezake. Kexak jaso dituzte: “Kakak jasotzen ez direla-eta, batez ere. Garbitasun zerbitzua indartu izan dugu, baina, ezin da 24 orduan egon. Elkarbizitzaren aldeko mezua zabaldu gura dugu”.

Animaliak eduki eta babestea arautzen duen ordenantzak hainbat gai batzen ditu: garbitasun eta osasun baldintzak bete behar dira, eta identifikatuta eta erroldatuta egon. Ugazabak kakak jaso behar ditu, ezin du kalean utzi eta ezin dio tratu txarrik eman. Arriskutsuak izan daitezkeenak edukitzea ere arautzen du, eta animaliei ezin zaiela kalean jaten eman.